Igor Enparan: Hauteskundeak Hondarribian
Hauteskundeen emaitzen inguruko balorazioak direla eta ulergaitza egiten zait kazetari baten analisia kritikatzerakoan, analisiari baino pertsonari egiten zaizkion erasoak. Isasi eta Garaialde jaunen idatzietan kazetariari inpartzialtasun eza egozten diete eta egindako analisia desio pertsonaletan oinarritzen dute.
Lehenik eta behin, aipatu nahi dut inpartzialak beraiek biak direla, beraien sinaduraren arabera analisi horretan parte baitira. Beraz, partzialtasuna beraiei biei dagokie.
Bigarrenik, bi pertsona horien ahotik entzundakoa naiz hauteskundeetan irabaztera irten beharra dagoela eta kasu honetan emandako emaitzek helburua oso urrun dagoela erakusten dute. Beraz, ez luke hain arraroa izan beharko horrelako irakurketa batek.
Hirugarrenik, iruditzen zait aurrez aipatutako bi pertsona horiek kazetari eta kazeta honetan zentsura zabaltzea dutela helburu irakurri ditudan bi iritzi artikulu horiek. Sortu edo EH Bildukoak izanagatik ere, kritikak onartzea eta beraiei eraginkortasuna ateratzean datza erronka eta ez mezularia pertsonalki erasotzean.
Azkenik aipatu nahi dut nik neuk ez dudala hauteskunde hauetan bozkatu. Hondarribian erroldatuta ez nagoen arren, eta bertan bozka ematerik ez dudan arren, Hondarribitartzat dut nire burua eta herri honetan zinegotzien afera dela-eta, eta horren harira sortutako arazo sakonago batzuk direla eta erabaki dut ohitura nuen alderdiari ez bozkatzea. Are gehiado, badakit beste jende ugarik ere arrazoi berak direla eta EH Bilduri hauteskunde hauetan bozkarik ez ematea erabaki dutela.
Beraz, kazetariak egindako irakurketa egokia dela deritzot eta beraren kontrako eraso pertsonalak arbuiatzen ditut.
Aipatu ere, jokabide hauek ez dutela ezertan laguntzen herrian eragindako liskarra baretzen, ez proiektu politiko beraren inguruan lan egiteko aukerarik zabaltzen, ezta ezkertiar eta abertzaleen indarren metaketan laguntzen ere.
Igor Enparan Araneta