Elkartea desegitea erabaki dute Irun Iruteneko kideek
Euskararen alde lan egingo duen elkarte bat gutxiago izango da Irunen hemendik aurrera. Izan ere, komunikabideetara bidalitako prentsaohar baten bidez Irun Iruten Euskara Elkarteak desegitea erabaki dutela jakitera eman dute gaur bertako kideek.
Euskararen alde lan egingo duen elkarte bat gutxiago izango da Irunen hemendik aurrera. Izan ere, komunikabideetara bidalitako prentsaohar baten bidez Irun Iruten Euskara Elkarteak desegitea erabaki dutela jakitera eman dute gaur bertako kideek. 1998an sortu zen Irun Iruten irabazi asmorik gabeko elkartea. Boluntario moduan aritu ziren hurrengo urteetan bertako kideak elkarteak aurrera eramandako proiektu ezberdinetan: Mintzalaguna, Irunen kantuz, Olentzerori ongi etorria… 2001. urtean sinatu zuen elkarteak udalarekin hitzarmena eta beste hainbat jarduera garatzeko aukera eman zion horrek. Hala eta guztiz ere, 2012. urtean hitzarmena hautsi zuen udalak eta horrek, egoera oso kritikoan utzi zuen elkartea. Geroztik, beherakada pairatu du taldeak eta azkenean, elkartea bertan behera gelditzea erabaki dute. “Oso positiboa izan da urte guzti hauetako emaitza, bai jarduera horien euskalduntzea, eta baita programa horien kalitatean ere”, adierazi dute elkartetik. Betti Gotti Euskara Elkarteari elkartasuna eta laguntza eskaini nahi izan dio Irun Irutenek azken arnasaldian, eta euren egoitza lehenaren esku gelditzeko eskaria luzatuko diotela udal gobernuari gaineratu dute.