EH Bildu pozik da emaitzekin; ez, ordea, parte hartzearekin
Europako Legebiltzarrerako Hauteskundeetan lortutako emaitzak ongi baloratu ditu EH Bilduk, eta lehen indarra dela gogorarazi du, 3.697 botorekin. Haatik, ez da bide beretik joan parte hartzeari buruzko balorazioa, eta hamar lagunetik seik ez duela parte hartu esan du: “Horrek demokrazia kalitate eskasa eransten dio indar neurketari”.
“Deslilurak”, baina, bipartidismoan izan duela eragina iritzi dio EH Bilduk, eta PSE-ek %40ko boto galera izan duela esan du, eta PPk herena.
EH Bilduk ondorioztatu duenez, subiranotasunaren eta ezkerreko ikuspegiaren alde egin dute herritarrek. “Badakigu indarrez eta bortizki inposaturik heldu zaigun eredutik ateratzeko ez dugula ibilbide errazik izango, baina egiten ari garena da horretarako bide bakarra”, gaineratu du.