Silanas eta Iridoy prentsaurrekoan
Bidasoaldeko hiru udalerriak bidegorriarekin lotzeko proiektuaren barruan, Plaiaundi eta Amute arteko tartea lehenetsiko dutela jakitera eman dute gaur goizean Xabier Iridoy Irungo EAJren bozeramaileak eta Hondarribiko Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak. Era berean, Plaiaundiko kirol azpiegiturak lekualdatzeko eskatu dute jeltzaleek.
Hala, Plaiaundi institutuko atzealdetik igaroko litzateke bidegorria; paduren ertzetik. Mendeluraino iritsi eta bertako industriagunearen atzealdetik segituko luke, eta Zubimuxutik datorren ubidea nola zeharkatu aztertzeke dagoela oraindik onartu dute. Era honetan, “bizikletentzat suposatzen duen arriskua bertan behera geldituko litzateke”, adierazi du Iridoyk. Izan ere, Irunetik Hondarribira eta alderantzizko bidea egiten duten lagunek, bazterrik gabeko errepidetik egin behar dute gaur egun. Egoera hori udan are arriskutsuagoa bihurtzen dela iritzi diote bi jeltzaleek.
Hala, denborarekin bidegorria Hendaia aldera luzatzeaz gain, Jaizubiako padurak eta Txingudikoak elkartuko lituzke bide berriak etorkizunean. Izan ere, Jaizubiako paduretan zirkuitua txukundu eta bukatu nahi dutela adierazi du Silanasek, baita Beko Errotatik Amuterainoko bidea ere.
Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Irungo zein Hondarribiko udalak elkarlanerako batzordea eratu dute. Jaurlaritzak proiektuaren inguruko azterketa eta diagnosia egin duela baieztatu dute jeltzaleek eta orain, alkate bakoitzak gainontzeko udal taldeen aurrean aurkeztu behar duela jakinarazi dute. Diagnosia datorren astean publiko egingo dutela baieztatu dute. Ekainaren 3. astean elkartuko da berriz ere batzordea ekarpenak egiteko, Txingudiko Ekoetxean.