Ezker-eskuin: Josune Lete DBHko zuzendaria, Nagore Uranga LHko zuzendaria, Egoitz Verdugo zuzendari pedagogikoa, Luis Mari Ezeiza lehendakaria eta Naroa Perez LHko zuzendaria.
Normalean, Zamalbiden izaten da, baina aurten festa erdialdera eramatea erabaki du Orereta Ikastolak bere 50. urteurrena dela eta. Mende erdiaren ospakizunen ginga izango da, ikasturte guztian zehar hainbat ekintza egin ondoren. Igande honetan, ekaina 1, egingo dute.
Gaur goizean aurkeztu dute egitaraua Luis Mari Ezeiza Orereta Ikastolako zuzendariak, Egoitz Verdugo zuzendari pedagogikoak eta Nagore Uranga, Naroa Perez, Josune Lete eta HH, LH eta DBHko zuzendariak.
Egitarauan bi ekitaldi nabarmendu daitezke: batetik, eguna hasteko erdialdeko kaleetatik egingo duten kalejira erraldoia, 1.500 lagun biltzea espero dutena ikasle, guraso eta irakasleen eskutik; eta bestetik, eguerdian egingo duten bazkaria. Urtero egiten dutela azaldu du Verdugok, baina aurten lagun gehiago, 600, etortzea espero dutela. Hortik aurrera, 19:30ak arte zenbait ikuskizun izango dira Koldo Mitxelena plazan.
Antolatzaileek nabarmendu dute egitaraua prestatzen lan egin dutela otsailetik ikasle, guraso eta irakasleek. Egun horretan ere beraiek izatea protagonista espero dute, nahiz eta egitaraua herri osoari zabalduta dagoela adierazi Ezeizak.
Ekitaldiak, urte osoan
Urte osoan zehar egin ditu Orereta Ikastolak 50. urteurrenarekin lotutako ekitaldiak: Madalen Jaien aurretiko txistulari kontzertu nagusia bere omenez izan zen; irailean, Hesian taldeak emandako kontzertua; abenduan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eta Orereta eta Oinarri abesbatzarekin eta bandarekin emandako kontzertua edota herriko zenbait talde eta eragilek emandakoa martxoan.
[box]
Egitaraua
- 12:00: Kalejira erraldoiaren hasiera, Tulle kalean.
- 13:00: Kalejiraren amaiera, Koldo Mitxelena plazan.
- 13:15: Lehendakariaren agurra.
- 13:30: Ikastolako trikitilariak.
- 14:30: Bazkaria, Esmalterian.
- 16:30: Argazki rallyko sari banaketa.
- 16:45: Mendi lehiaketako sari banaketa.
- 17:00: Tximeleta elkartearen erakustaldia.
- 17:15: Erromeria.
- 18:30: Xirula-Mirula taldearekin kontzertua.
- Arratsalde osoan zehar, puzgarriak, tailerrak, erakusketak, elkartasun denda eta taberna, Koldo Mitxelena plazan.
[/box]