Preferentera igotzeko bi golez irabazi behar dute erregionalekoek
Lehen Erregionaleko futbol taldeak 1-0 galdu zuen Idiazabalen, igoera faseko bosgarren posturako kanporaketako joaneko partidan. Gol bakarragatik galdu zuten hondarribiarrek baina idiazabaldarren atea zulatzerik izan ez dutenez, itzulerako partidan bi goleko errenta beharko dute kanporaketa gainditu eta Preferentera igotzeko.
Erronka gauzatzeko zaleen laguntza beharko du Hondarribiko gizonen bigarren taldeak. Lehen taldeak ondo baino hobeto eskertu zuen zaleen berotasuna, oso garrantzitsua izan baitzen larunbatean Vasconia taldeari irabazi eta azken jardunaldian mailari eusteko. Lehen taldeak ozta-ozta eutsi dio Ohorezko Mailari eta Erregionalekoen mesederako izan da hori. Izan ere, jaitsiz gero, bigarren taldeak ezingo zen mailaz igo, kanporaketa gaindituta ere.