Atzoko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeek alderdi abertzaleen garaipena utzi dute bai Oarsoaldean, zein Bidasoan. Oarsoaldean ezkerreko alderdi subiranisten garaipena erabatekoa izan da Pasaian, Errenteria-Oreretan, Oiartzunen eta Lezon. Azken bi herri horietan oso nabarmena. Errenteria-Oreretan hauteskunde joera aldaketa berretsi egin da, izan ere, atzokoa barne, azken hiru hauteskundeetan ezkerreko alderdi abertzelaeen koalizioak irabazi duelako eskualdeko herririk handienean. Pasaian, ordea, EH Bilduk irabazi arren, behera egin du botoetan, eta EAJ hurreratzen ari zaio. PSE-EE bigarren indarra izan da Oarsoaldean, EAJ hirugarrena, eta Podemos laugarren indarra izan da, PPren eta IU-Ezker Anitzaren aurretik.
Bidasoan, berriz, EAJk irabazi du, batez ere PSE-EEk Irunen izan duen beherakadari esker. Hondarribian, bai, nabarmen irabazi dute jeltzaleek, eta Irunen bigarren indarra izan arren, bi herrietako botoak batuta atera dira garaipe EAJko kideak. PSE-EEk Irunen irabazi du, baina 2009arekin alderatuz boto asko eta asko galdu ditu. Hirugarren tokian zeharo indartu da EH Bildu (Hondarribian bigarre, eta Irunen hirugarren), eta Podemos alderdiaren agerraldia oso indartsua izan da, ia PPren emaitzetara iritsi arte.
Ondoko zerrendan, bi eskualdeetako alderdi nagusienen datuak, herrietako botuak batuta:
Oarsoaldea
- EH Bildu: 8.344
- PSE-EE: 3.790
- EAJ: 3.677
- Podemos: 1.741
- IU-Ezker Anitza: 1.375
- PP: 1.287
Bidasoa
- EAJ: 5.138
- PSE-EE: 4.667
- EH Bildu: 3.718
- PP: 2.563
- Podemos: 2.195
- IU-Ezker Anitza: 1.616