Zelaian adorea eta harmailetan berotasuna behar ditu Oiartzunek
Ezinezkoa ez, zaila bai. Oiartzungo emakumeen futbol taldeak 3-1eko emaitza irauli beharko du baldin eta Lehen Mailara igotzeko kanporaketa gainditu nahi badu. Aurreko igandean emaitza horrekin galdu zuten Fundacion Albacete taldearen zelaian, eta bueltakoan, han gaizki egindakoak konpondu eta hobekien dakitea egiten saiatu behar dira etxekoak. 12:00etan hasiko da lehia Karla Lekuonan.
Lehian aurrera egiteko 2-0ak balio dio Oiartzuni; 3-1ekoarekin luzapenera joango lirateke, eta handik aurrera bi goleko abantaila guztiak Gaztela Mantxakoen aldekoak dira, kanpoan sartutako gol kopuruarengatik. Hortaz, ausardiaz jokatuko beharko dute etxekoek baldin eta partidaren azken minutuetara aukerekin iritsi nahi badute. Talde zaila da Albacete, ordea, eta hala erakutsi zuen joaneko partidako lehen minutuetan batik bat.
Eta zelaikoek, jokalariek, babesa behar dute. Karla Lekuonak partida handietako itxura hartu behar du, batetik Oiartzun animatzeko, eta bestetik bisitariei presioa eragiteko. Zaleek herriko emakumeak bultzatu behar dituzte ametsa gauzatzera.