Iñigo Iglesias 12 urteko errenteriarra Espainiako Mini-Abiadura Txapelketan hasi da lehiatzen. Lehen proban erori zen, eta bi hezur hautsi zituen, baina dagoeneko osatu da, eta hurrengo proba irabazi nahi du. Anai txikiak bere bidea jarraitu nahi du.
Gaur zortzi abiatuko da Trintxerpen Musikaz Blai jaialdia, ostiralean, eta ekainaren 7an amaituko da. Astebeteko epean musika ardatz dute hamarnaka ospakizun izango dira Trintxerpen, gehientsuenak kontzertuak, baina baita, dantza, jolas, ikuskizun eta txapelketak ere.
Francisco Brea Rodriguezek irabazi du aurtengo sanferminetarako kartela lehiaketa, zerutik izenburua duen lanarekin. 200€ irabazi ditu eta lau lagunentzako bazkaria Leunda tabernan.
Mutilen nagusien bi taldeek denboraldi ia osoa dute jokoan asteburuan. Ohorezko Mailakoek bere esku daukate maila mantentzea, baina horretarako Vasconiari irabazi behar diote. Lehen Erregionalekoek Idiazabalen kontrako kanporaketa hasiko dute kanpoan. Eta Haur Txikien Partaidetzako taldeak Kopako finala jokatuko du Oreretako Fanderian, Martuteneren kontra.
Gaztak eta Hiruzta txakolinak uztartuko dituzte hilaren 31an Dasta Gazta & Txakoli dastamen tailerrean. 12:00etan hasiko da tailerra baina ordu laurden lehenago azaldu behar dute interesdunek.
Gaur egingo dute Gure Esku Dagoren aurkezpena, Itsas Etxean. Erabakitzeko eskubidearen alde ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean egingo den giza katerako metroa oraindik erosi ez duten hondarribiarrek, egunero izango dute horretarako aukera, lanegunetan Itsas Etxea parean eta asteburutan Portuan.
Trintxerpeko alkateordetzan aurkeztu zuen atzo Jon Mayak Ondartxon eraikitzen ari diren San Juan galeoiaren proiektua. Albaolako Faktoriaren egitasmoa da, Donostia 2016 proiektuaren barruan kokatutakoa. Aurkezpena bera Antxon egingo du Jon Maiak datorren astean. Ostegunean izango da, hilak 29, 19:30ean, kultur etxean.