Udalean euskaraz bakarrik funtzionatu ahal izateko plana badute Oiartzunen
Udalean %100ean euskaraz jarduteko tresna badute Oiartzunen, eta asteartean aurkeztuko diete herritarrei. Udalaren Euskara Planaren aurkezpen irekia egingo dute asteartean, 18:30ean, Elorsoro kiroldegiko bilera gelan. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko plana da aurkeztuko dutena, eta horren eragina ez da bakarrik udalera mugatuko, erakundearekin harremana duten enpresa, erakunde, elkarte eta herritarrei ere eragiten baitie.
Planak aurretik bidea egina du, ordea. Izan ere, udalaren barruko sailei eta udal talde politikoei aurkeztu diete jada. Izan ere, aurreko abenduan onartu zuen plana udalbatzarrak, eta Jaurlaritzaren oniritzia jaso du. “Euskararen normalizazioan udalek eredu izan behar dute. Bizkai, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan administrazioak hiztun euskaldunei aitortzen die harekin euskaraz aritzeko eskubidea, baina maiz urratzen da”. Bide horretan, Uemako kide dela gogorarazi du udalak.
Aldi berean, Espainiako Gobernuak EAEn “euskararen normalizaziorako ematen diren urrats guztiak oztopatu nahian” dabilela esan du udalak, eta horren adibidetzat Oiartzunen eta beste 25 herritan, nahiz aldundian kontratazio publikoetan hizkuntza normalizatzeko neurrien kontra ari dela esan du.