'The Big Year' hitzaldia emango du Gorka Gorospek bihar Ekoetxean
The Big Year. Hegaztiez eta marrazkiez betetako urtea izenburuko hitzaldia eskainiko du bihar Gorka Gorospe ornitologoak. Plaiaundiko Parke Ekologikoan kokatutako Txingudi Ekoetxean finkatu dute solasaldia, 11:00etan abiatuta. Gaztelaniaz emango du hitzaldia Gorospek, eta sarrera debalde izango da.
Gorka Gorospe gaztetatik da ornitologoa, baita Gipuzkoako hegazti ikerketako eta erroldatze kanpainetako parte hartzaile eta antolatzailea ere. Itsas Enara Ornitologia Elkarteko sortzailea izateaz gain, Gipuzkoako urtekari ornitologikoaren bultzatzailea ere da Gorospe. Halaber, SEO-ko Bitxitasun Batzordearen kide ohia da. Gaur egun, ornitologia gidari gisa aritzeaz gain, natura ilustratzailea ere da.
The Big Year filmak Amerikako Estatu Batuetako hiru lagunen arteko lehiaketa kontatzen du. Izan ere, urtebetean zeinek behatzen duen hegazti gehien apustu egiten dute lagun horiek. Hala, aitzakia hori baliatzen du Gorospek bere hitzaldirako, eta urtebetean penintsula osoan zehar behatutako 300 hegazti espezien inguruan ariko da Ekoetxean.