Iñigo Iglesias 12 urteko errenteriarra Espainiako Mini-Abiadura Txapelketan hasi da lehiatzen. Lehen proban erori zen, eta bi hezur hautsi zituen, baina dagoeneko osatu da, eta hurrengo proba irabazi nahi du. Anai txikiak bere bidea jarraitu nahi du.
Iñigo Iglesias Valentziako proban, erorikoa izan baino lehen
Hamabi urte ditu oraindik baina handitzen denean argi du zer nahi duen izan: MotoGPko txapelduna. Iñigo Iglesias errenteriarrak motoekiko zaletasuna jaso du aitarengandik, eta aurten Espainiako Mini-Abiadurako Txapelketan lehiatzen hasi da. Lehen lasterketan erorikoa izan zuen, eta lepauztaia eta eskumuturra puskatu zituen, baina ja osatu da eta joan den asteburuan itzuli zen zirkuituetara. “Lepoan babes bat jarri nuen. Hasieran arraro sentitu nintzen, gero ondo. Erori nintzenean min handia hartu nuen, baina jarraitu nahi dut”.
Arantxa Bravo amak azaldu duenez, Valladoliden izango da hurrengo proba, ekainaren 8an, eta bihar probatzera joango dira bertara. Gertuen duten zirkuitua, Los Arcos (Nafarroa), 160 kilometrora dute, eta horrela zail dute entrenatzea. “Horregatik Gaztela-Leongo Txapelketa ere egingo du, baina entrenamendu bezala”, argitu du.
Mini-Abiadurako Espainiako Txapelketan hainbat maila daude. Iñigo, Gazteen Mailan ari da, 12 eta 18 urte bitarteko pilotuekin. Denek moto berbera dute konpetitzeko, 160cc Txinako RAV markakoa. “Mono-marka txapelketa da eta hor pilotua bereizten da, pilotu onenak irabazten du, eta ez motorrak”, azaldu du Pedro aitak.
Bi anai, pasio bat
Zazpi urterekin hasi zen Iñigo Iglesias motoan ibiltzen. Jon anaia txikiak ere zaletasun hori du, eta aurten mini-motoekin konpetitzen hasi da, Gaztela-Leongo Txapelketako Haurren Mailan. “Uste dut 5 urterekin igo nintzela lehen aldiz moto batera”, dio. Orain bederatzi ditu, eta anaiaren urratsak jarraitu nahi ditu: “Oso ona da, gidatzeko postura oso ona du eta erasokorra da”. Nagusiagoak diren pilotuekin lehiatu behar da Iñigo, baina Jonek uste du horrek ez duela axola: “Ikusi Marc Marquez zein txikia den, eta zein azkar doan”.
Jon, minimotoarekin, eta Iñigo, Rav motoan
Aita pozik dago semeek bere zaletasuna jaso dutelako: “Nik izan ez nuen zortea izan dute”. Hark laguntzen die, baina motorraren gainean bakoitza den bezala azaltzen dela aitortzen du: “Kirolean erasokor izatea beharrezkoa da lehiatzeko, baina kiroltasuna oso garrantzitsua da. Jonek konfiantza hartzen duenean oso ondo egiten du. Iñigok, aldiz, hasieratik ikasten du dena, ausartagoa da eta jendeak esaten digu ona dela, baina kirol hau oso gogorra da eta gora iristeko lan handia egin behar da”.
Bi anaiek Munduko Txapelketako probak jarraitzen dituzte, eta egunen batean hara iristeko ametsa dute. “Guk lasterketa dugunean ezin dugu. Baina ez dugunean ikusten ditugu lasterketak telebistan”, esan du gazteenak. Idolorik ote duten galdetuta: “Niri Valentino Rossi gustatzen zait gehien”, erantzun du azkar Iñigok; “eta niri baita”, Jonek.
Ikusteko dago Iñigo eta Jon Iglesias
The Doctor bezain handiak izatera iristen ote diren, baina helmuga zein izango duten jakin gabe ere, eurek eta gurasoek badakite bidea ez dela samurra izango. Aurretik erorikoak, hezur puskatuak eta errepidean egin beharreko kilometro asko dituzte zain, baina motoenganako pasioa dute komunean eta bizitzeko modu bilakatu nahi dute.
-
Espainiako Mini-Abiadura Txapelketa
- Apirilak 13. Albaida (Valentzia). Iñigo erori zen.
- Maiatzak 18. Villena (Alacant). Medikuak eskatuta, arriskatu gabe egin zuen proba. Zazpigarren geratu zen.
- Ekainak 8. Villaverde de Medina (Valladoilid)
- Uztailak 13. La Higuera (Segovia)
- Abuztuak 31. Zuera (Zaragoza).
- Urriak 19. Alcarras (Lleida).
Txapelketa jarraitzeko