Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek babesa adierazi diote Gotzon Sanchez herritarrari. Jakinak dira aste honetan Sanchezek parte hartu duen edari marka baten iragarkiaren harira izan direnak, eta horren harira “harridura” azaldu dute bozeramaileen batzordean alderdi guztiek, EH Bilduk, PSE-EEk, EAJk, PPk eta Ezker Anitza-IUk. Horren harira, erakunde adierazpena landu dute. Honakoa da, hitzez hitz:
“Errenteriako Udalaren Bozeramaile Batzordeak gure harridura azaldu behar dugu gure herriko bizilagunak; Gotzon Sanchezek, bizi izan duen egoerarengatik.
Jakin badakigu pertsona horrek ez duela auziperatua izateko prozesu judizial edo bete beharreko inolako zigor motarik. Horregatik oso larritzat jotzen dugu “baztertzeko moduan” pertsona bat publikoki seinalatzea, hain zuzen ere delitu politiko gisa inon ere tipifikaturik ez dagoen aldarrikapena babestu duelako. Bestalde, horrelako egoerek bidea eman dezakete berriro zentsura ideologikoa ezartzeko, eta horrelakorik, jakina, ezin dugu onartu. Pertsonak baztertzen baditugu, pentsatzeko duten eraren arabera, zein bizikidetza eraiki dezakegu? Gure herritarrak, Gotzonek, zein delitu egin du?
Udal honek bizikidetza eta pertsonen arteko begirunea babesten ditu. Bizikidetza horren oinarrietako bat egia da, memoria, justizia eta gure herriak jasan duen indarkeriaren biktimei eragindako kaltea konpontzea. Horregatik ezin dugu onartu kolektibo batzuen mendeku gogoak -justiziarekin zerikusirik ez baitu- gaiztotu eta trabak jar ditzala guztion arteko bizikidetzan. Gotzon Garateren jardun profesionalean ez dago begirune faltarik biktimenganako. Ez dago inolako mezu motarik norbait mintzeko moduan. Eta, horregatik ez dugu onartzen Errenteriako bizilagun hau pairatzen ari den egoera.
Horregatik, Errenteriako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak adierazpen hau egiten du: .
- Gure nahigabea adierazten dugu gure bizilagunak, Gotzon Sanchezek, bizi duen egoeragatik. Izan ere, bere jardun profesionalean ondorioak kaltegarriak izan ditzake.
- Errenteriako Udalak bizikidetzaren aldeko konpromisoa berresten du. Bizikidetza ezin da oinarritu pertsonen bazterkerian, sexu, arraza edo ideiak direnak direlarik, betiere ideia horiek pertsonak errespetatzen badituzte.”