Bike-trialak hitzordu bikoitza finkatu du asteburu honetan Irunen. Lehena, Irun Hiria Espainiako I Trial Koparen gaineko lehia izango da eta bigarrena, 2014ko Euskadiko Trialsin Txapelketa. Larunbatean eta igandean jokatutako dituzte hurrenez hurren, Bidasoa Ospitalearen ondoko zirkuituan. Anaka-Puiana auzoko jaiekin batera egingo dituzte bi probak.
Espainiako txapelketari dagokionez, bi probez osatuta egongo da, nahiz eta bigarrena zehaztu gabe dagoen oraindik ere. Espainiako eta Euskadiko txapelketetarako, zein UCIren (Nazioarteko Txirrindularitza Elkartea) rankingerako puntuagarria izango da larunbateko lehia. Hala, munduko bike-trial txirrindulari onenak lehiatuko dira bertan, 13:00etatik 20:00ak bitartean.
Denera, hiru ordu eta erdiko denbora edukiko dute parte hartzaileek zirkuitua egiteko; horri 30 minutuko zigorra ezarri ahal izango diote epaileek, baina hala ere, txirrindulari kopuruaren arabera denborak alda daitezkeela adierazi dute antolatzaileek. Izena aldez aurretik eman beharko dute parte hartu nahi duten kirolariek.
Euskadiko txapelketa bere aldetik, igandean jokatuko da 10:30ean abiatuta eta 13:30ak arte. Baldintzak Espainiako txapelketako berdinak izango dira, baina kasu honetan parte hartzaileek ez dute izena aldez aurretik eman beharko, egunean bertan 09:30etik aurrera egin beharko dutela baizik.
Horiek horrela, infantilak, alebinak eta benjaminak ezingo dute larunbateko probetan parte hartu; bai ordea, igandean izango den Euskadiko txapelketan. Informazio guztia
bertan aurki dezakete interesatuek, gaztelaniaz.