
Irungo eta Urruñako taldeetako errugbilariak
Urtero bezala, egun osoko festarekin bukatutzat eman du Irun Rugby Taldeak 2013-2014 denboraldia. Plaiaundiko zelaian elkartu ziren iragan larunbatean kategoria ezberdinetako jokalariak, senideak eta lagunak, eta goizetik gauera arte hainbat jarduera egin zituzten.
10:30ean hasiera eman zioten egunari rugby 7 lehiaketarekin. Klubeko emakumeen taldea Urruñako errugbi taldearen aurka aritu zen goizean zehar. Arratsaldean aldiz, kategoria ezberdinetako kirolariekin lau talde osatu zituzten eta rugby-touch torneo bat egin zuten Irun RTkoek.
Egunari bukaera emateko, askaria prestatu zuten kirolariek; baita edaria ere: “Garagardoa helduentzat eta freskagarriak txikientzat”. Horren ondotik, Irungo zentroan bukatu zuten parranda kirolariek.
Bukatzeko, klubetik adierazi dutenez, senior taldea Zarauzko Rugby 7 torneoan izango da etzi, larunbatarekin.