BERRIA Taldeak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) hitzarmena sinatu dute, euskararen arnasgune diren Uemako herrietan, euskararako prentsa irakurtzeko ohitura zabaltzeko eta sendotzeko asmoz. Oarsoaldean Uemako kide bakarra dago, Oiartzun.
Ainara Arratibel Gascon / Berria
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 200.000 herritarrek aukera izango dute BERRIA egunkaria hamabost egunez doan jasotzeko. Oarsoaldean Uemako kide bakarra dago, Oiartzun. Hala jasotzen da gaur goizean, Azpeitian (Gipuzkoa), bi aldeek sinatu duten hitzarmenean. BERRIAk hilabete amaieran aurkeztuko du bere paperezko edizio berritua, eta horrekin batera izango dute egunkaria bi astez etxean doan jasotzeko aukera. Helburua euskarazko prentsa kontsumitzeko ohitura zabaltzea da. “Gaur egun oraindik ere udalerri euskaldunetan erdarazko komunikabideen kontsumoa euskarazkoen gainetik dago. Horrek, nahi edo ez, eragina du hizkuntz jarreretan. Hori dela eta, euskarazko prentsa kontsumitzera deitu nahi ditugu herritarrak”, adierazi du Maren Belastegik, Uemako lehendakariak.
BERRIA Taldeak bere aldetik, euskarazko hedabideen sarea zabaldu eta sendotzeko duen eginkizuna berretsi du. Iban Arregi kontseilari ordezkariak, kalitatearen eta berrikuntzaren alde egiten ari diren ahalegina gogorarazi du. Testuinguru horretan kokatu du hilabete amaieran paperezko edizioan egingo dituzten aldaketak. “Hainbat hilabeteetako gogoetaren emaitza dira, eta uste dugu aukera ezin hobea direla euskarazko hedabideen aldeko mezua zabaltzeko”. Bide horretan, oso garrantzitsutzat jo du Uemarekin sinatutako hitzarmena. “Potentzialki irakurle berriak erakarri eta euskararen normalizazioan eragiten jarraitzeko ezinbestekoak dira”. Kanpainak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du.
BERRIA egunkaria doan jaso nahi duten Uemako herritarrek ondorengoa egin beharko dute:
943 30 43 45 telefonora deitu edo bidali posta elektronikoa hardipetza@berria.info helbidera. Bertan jarri izen-abizenak, telefonoa eta herria. Kanpaina jada abian da, eta eskatzen dutenek ekainaren 3tik 15era jasoko dute egunkaria.