Ekainak 8an Durango eta Iruñea elkartuko dituen giza katerako hiru aste falta direnean, ekitaldi jendetsua egin nahi dute ostiralean Itsas Etxean, 19:00etan. Metroak saltzeaz gain, Arakilera joango den autobuserako txartelak jarriko dituzte eskuragai.
Ekainak 8an Durango eta Iruñea elkartuko dituen giza katerako hiru aste falta direnean, ekitaldi jendetsua egin nahi du erabakitze eskubidearen aldeko Gure Esku Dago plataformaren Hondarribiko taldeak. Itsas Etxea bete nahi dute ostiralean, arratsaldeko zazpietan bertan egingo duten aurkezpenerako.
Ekainaren 8aren gaineko informazioa zabalduko dute eta oraindik ‘metroa’ edo elastikoa erosi ez duenak aukera izango du. Hondarribitarrek Arakil herrian osatu behar dute kilometroa eta horretarako 400 pertsona behar dira. Dagoeneko 200dik gora dira metroa erosi duten herritarrak.
Taldeko arduradunek gaineratu dute autobusak izango direla ekainaren 8an Arakilera joateko. Orain gutxi hasi dira autobuseko txartelak saltzen eta, hortaz, aurretik metroa erosita duen jende askok ez du autobuserako txartelik. Itsas Etxean, hortaz, autobus txartelak erretserbatzeko aukera izango da, baita metroak erosteko ere.

Apirilean Gure Esku Dago-k Gipuzkoa Plazan ateratako argazkia