Dinamizazio kanpainan parte hartu duten merkatariak
Luis Marianoren jaiotzaren mendeurrena dela eta, Irungo merkatariek abeslariaren omenezko ekitaldiekin bat egin dutela jakitera eman dute gaur goizean. Merkataritza dinamizazio kanpaina abiatuko dute horretarako herriko salerosleek datozen asteotan zehar.
Hala, Luis Mariano protagonista nagusia izatea bilatzen dute ekimenaren bultzatzaileek. Denda eta merkataritza gune nagusietan haren abestiak entzun eta argazkiak ikusi ahal izango dira. Era berean, iniziatibarekin bat egiten duten komertzioek bereizgarri bat jarriko dute Luis Marianoren aldeko kanpainarekin bat egiten dutela ezagutarazteko. Halaber, mendeurrenaren harira antolatutako jardueren katalogoak eta eskuorriak izango dituzte. Merkataritza guneak Luis Marianoren argazkiekin girotuko dituztela ere esan dute.
Datozen jarduerak
Luis Marianoren musikarekin gidatutako jarduera ibilbidea antolatu dute datorren maiatzaren 31n, larunbatarekin, Behobian, San Miguelen, San Juanen, Pio XIIn eta Zabaltza plazan. Ekainaren 3an bestalde, Irun Dastatu plataforma gastronomikoko kideek afari musikala egingo dute Irungo Atsegiñan, Angel Pazos eta Jose Luis Azkueren eskutik.
Ekainaren 13an halaber, piano erraldoia jarriko dute Zabaltza plazan arratsaldean zehar. Ametsa Abesbatzak arratsaldea girotuko duela adierazi dute.
Uztailean zehar ere, ostiralero karaokea izango da Behobian, San Miguelen, San Juanen, Pio XIIn eta Zabaltza plazan. Abuztuaren 8rako antolatu dute karaokearen finala.
Azkenik, Luis Marianoren inguruko argazki lehiaketa izango dela jakinarazi dute tokiko gobernutik.