Irungo Gaztiak taldeak Euskal Ligan jokatuko du datorren denboraldian, asteburuan Artalekun jokatu den igoera kanporaketan nagusitu eta gero. Igoera Oñatiko Aloña Mendiren kontrako partida irabazita lortu zuten, larunbatean.
Kiroletik blogean azaltzen denez, lehen zatian gehiago izan ziren irundarrak eta atsedenaldira 19-12ko emaitzarekin joan ziren. Bigarren ordu erdian tartea handitzea lortu zuten eta zalantzarik gabeko garaipena lortu (40-25).
Atzo, Deusto Loiola Indautxuren kontra jokatu zuten finala eta hura ere irabazi zuen Irungo Gaztiakek. Bezperan baino partida zailagoa izan zuten irundarrek baina, hala eta guztiz, zaleei garaipena eskaintzeko gai izan ziren. 31-28 izan zen azken emaitza.
Hala, denboraldi bikaina itxi du Irungo taldeak. Liga partidarik galdu gabe bukatu zuten —21 partida irabazi eta bakarra berdinduta—, igoera fasean ere —bostetik bost irabazita— eta azken kanporaketa etxean jokatzeko eskubidea lortu zuten. Lauko finalean ere haiek baino gehiago den talderik ez dute aurrean izan, eta porrotik ezagutu gabe Espainiako Bigarren Mailara igo dira, Euskal Ligara.
Ez da derbirik izango
2013-2014 denboraldian La Bacaladera Hondarribiak jokatu du Euskal Ligan baina datorren urtean ez da Bidasoko derbirik egongo, Hondarribiko taldea ere mailaz igo baita. Asteburuan igoera fasea jokatu dute San Cugat del Vallesen (Bartzelona, Herrialde Katalanak) eta Lehen Mailara igotzea lortu du La Bacaladerak.