Iazko Merka2dasoaren irudia
Merka2dasoa bigarren eskuko azokaren aurtengo lehen hitzordua iganderako finkatu du Txingudiko Zerbitzuak-ek. Hiru azoka antolatu ditu aurten Txinzerrek, lehena Irunen, bigarrena Hondarribian eta azkena, Irunen berriz ere. Bigarren eskuko azokaren helburua argia da antolatzaileentzat, hondakinen sorrerari aurrea hartzea eta berrerabilpena bultzatzea.
Herritarren, gobernuz kanpoko erakundeen (GKE), elkarteen eta ikastetxeen azoka da Merka2dasoa, eta salerosketaz gain, objektuen elkartrukea ere bultzatzea bilatzen du. Bertan besteak beste, arropa, liburuak, txirrindak, jostailuak eta beste hamaika objektu eskuratzeko aukera izango dute azokara hurbiltzen direnak.
Horiek horrela, 10:00etatik 14:00etara bitartean zabalik egongo da azoka, maiatzaren 25ean igandearekin, Zabaltza plazan. Karpa bat jarriko du Txinzerrek horretarako, baita informazio eta gordailu-salmenta gune bana ere. Parte hartu nahi duten lagunek edo informazio gehiago nahi izanez gero,
Txingudiko Zerbitzuak-en weborrira jo dezakete interesatuek.
Egutegia
- Maiatzak 25: Irungo Zabaltza plazan.
- Uztailak 20: Hondarribiko San Pedro kalean.
- Urriak 4: Irungo Zabaltza plazan.