Altzibarren argiteria berria izango dute aurki
Oiartzungo Altzibar auzoan kaleko argiteria berritzeko lanak egiten ari da udala. Dagoeneko jarri dituzte farolen posteak, farolak eta beharrezko kableak goizetan egin dituzten lanen bitartez. Horrela, denera, 38 argiteria puntu berri ezarri ditu udalak zenbait eremutan, hala nola, Mikelete, Martintxo eta Donepetri kaleetan, Klarene plazaren inguruan, eta Zokolo bidean. Horiek aurretik zeudenei gehitu zaizkie. Horiek denak prest, aurki piztuko dituzte.
Farola eta argi euskarri berriak ezartzeko hainbat metodo erabili dituzte langileek. Batzuk hormigoizko posteetan, beste batzuk hainbat fatxadetan, eta beste hainbat Olalde eremuko hiritartze lanen barrukoak dira. Horiek guztiak jartzeko inbertsioa 92.000 eurokoa izan da.