
Xenpelar Etxean bildu dira prozesuaren lehen saioan
Errenteria-Oreretako aurrekontuen gaineko lehenengo parte hartze tailerra egin dute Xenpelar Etxean, gaur goizean. Farapi antropologia aholkularitza enpresako Jone Karrerak gidatu du saioa. Oarsoaldeko lehen bilerak “pixka bat makalak” izan direla onartu duen arren, pixkanaka parte hartzea handitzen doala adierazi du. Hala, Lezoko azken bileran 12 lagun elkartu zirela azaldu du, Pasai Donibanen 14, eta Oiartzunen 16.
Horiek horrela, kolektibo bereziekin gertuko komunikazioa lantzen hasi direla ere kontatu du Karrerak. Oso “jarrera ona” agertu dute kolektibo horiek Karreraren arabera, baina hala ere, tailerretan ez dutela parte hartuko argi dauka saioko gidariak. Zentzu horretan, parte hartzea era indibidualean ahalbidetzen duten bideak emaitza onak ematen ari direla adierazi du: “Lezon eta Errenterian gutun dezente jaso ditugu; izan ere, pertsona batzuk nahiago dute esku orria bete eta herrian kokatutako postontzietan utzi”.
Hurrengo parte hartze tailerra hilaren 21ean asteazkenarekin egingo dute, Xenpelar Etxean berriz ere, 19:00etatik aurrera.