Irungo Ekonomia Foroak Jesus Burguera ekonomialariaren eta foroko zuzendariaren hitzaldia antolatu du etzirako, astelehenarekin. Irungo Atsegiñaren elkartearen egoitzan (Arbelaitz 1, behea) finkatu dute hitzordua, 19:30ean abiatuta. Azken urtean nazioarteko eta bertako ekonomiaren inguruan gertatutakoa aztertzea da bilkura honen xede nagusia, eta era horretan, 2012an antolatutako jardunaldi arrakastatsuei segida ematea.

Irudian, Jesus Burguerak 2012an gidatutako jardunaldi ekonomikoak, Atsegiñan
Irungo Ekonomia Foroak Jesus Burguera ekonomialariaren eta foroko zuzendariaren hitzaldia antolatu du etzirako, astelehenarekin. Irungo Atsegiñaren elkartearen egoitzan (Arbelaitz 1, behea) finkatu dute hitzordua, 19:30ean abiatuta. Azken urtean nazioarteko eta bertako ekonomiaren inguruan gertatutakoa aztertzea da bilkura honen xede nagusia, eta era horretan, 2012an antolatutako jardunaldi arrakastatsuei segida ematea.
“Azken hilabeteetako gertakari nagusien inguruan hausnarketa egitea, beste ikuspuntu batetik” bilatzen du Burguerak hitzaldi honen bidez. “Zer dira benetan amerikarren hazkuntza politikak? Eta europearren euste politikak? Zein da mundu mailako ekonomian Ukranian gertatzen denaren garrantzia? Zergatik munduko ekonomiak gora egiten duela dirudi baina ez da langabeziaren arazoa konpontzen?…” dira besteak beste Burguerak erantzungo dituen galderak. Epe motzean gerta daitekeenaren argazkia egiten ere saiatuko da.
Jardunaldi ekonomikoen ondorengoa
2012. urteko urrian, Irungo Atsegiña elkarteak eta Nicolas Gerendiain Elkarte Errepublikanoak
Inork ulertzen ez duen krisia izenburupeko jardunaldi ekonomikoak antolatu zituzten. Lau jardunaldietan garatu ziren hitzaldi hauek eta Jesus Burgueraren gidaritzapean garatu ziren. Mundu mailako ekonomiaren eta krisiaren nondik norakoak azaldu zituen hartan Burgerak, modu ulerterraz eta gertukoan, herritar orok uler zezan.
Jardunaldi horiek garatu ahala nahikoa arrakastatsu suertatzen joan ziren, eta azken hitzorduan ehun lagun inguru bildu ziren Atsegiñaren egoitzan. “Burguerak berak, antolatzaileek eta parte hartzaileetako batzuk guzti honi jarraipena eman nahi izan zioten, merkatu globalizatuaren inguruko gertakarien berri izatearren, eta horrela jaio zen Ekonomia Foro hau” azaldu dute bertako kideek.
2013. urtean zehar hainbat ekitaldi publiko antolatu zituen foroak eta aurten ere hilero bildu da bertako eta nazioarteko ekonomiaren jarraipena egiteko asmoz. Oraingoan, hainbat seinalek “krisi prozesu honen fase berri baten aurrean egon gaitezkeela” uste dute foroko kideek, eta beraz, “biztanleria informatzeko une aproposa izan daiteke”.
Jesus Burguera ekonomialaria donostiarra da jaiotzez. Nazioarteko ekonomian eskarmentu handiko aditua da, baita finantzen gaineko hainbat libururen egilea ere. Hala ere, ekonomiaren gaineko kontzeptuak modu errazean helarazteko gaitasuna da Burgueraren ezaugarri nagusia.