Irungo Udalak bat egin du Homofobiaren Kontrako Egunarekin
Atzo izan zen Homofobiaren Kontrako Eguna mundu osoan, eta Irungo Udalak adierazpen instituzionala atera zuen, egun horri batzen zaiola eta diskriminazio mota guztien kontra lan egiteko konpromisoa duela azalduz.
Egun oraindik pertsona guztien duintasun, askatasun eta oinarrizko eskubideak finkatzeko lanean jarraitu behar dela nabarmendu du, eta batik bat LGTBI pertsonena (Lesbiana, Gay, Transexual, Bixual eta Intersexual).
Hala ere, transexualitateak heterosexualak ez diren sexualitateen bide bera ez duela egin gogorarazi du udalak, “oraindik nortasunaren nahasmen bezala jotzen baita, eta horrek transexualek pairatzen duten estigma eta diskriminazioa indartzen du”. Giza eskubideak, ordea, guztientzat izan behar duela esan du udalak, “sexu orientazio edo genero nortasunarengatik diskriminatu gabe”.
Oraindik, ordea, munduan 80tik gora herrialde daudela esan du homosexualitatea kriminalizatzen dutenak, eta sexu berekoen arteko sexu harremanak edukiz gero, espetxe zigorra aplikatzen dietenak.
Zentzu horretan, erakundeek oinarrizko zeregina dutela iritzi dio, eta tokian tokiko gobernuek ere LGTBIen kontrako indarkeria mota guztiak gaitzetsi behar dituztela, bai nazioartekoak eta baita bertan gertatzen direnak ere. LGTBIen kontrako indarkeria eta gorrotoa ekiditeko botere publikoek “politika publiko eraginkorrak” garatu behar dituztela berretsi du.
Era berean, LGTBIak ikusarazi eta erreferenteak sortu behar direla esan du, eta horretarako, beharrezkoa dela instituzio eta eragileen arteko elkarlana.
Herritar, eragile eta erakunde guztiei eskatu die homofobiaren kontra manifestatu eta lan egiteko.