Herriko Plaza berdez jantzi dute, Euskaraz Bizi Egunean
https://www.youtube.com/watch?v=EdY55-cuJH4&feature=youtu.be
Oreretako Euskal Herrian Euskarazek (EHE) antolatuta, Euskaraz Bizi Eguna egiten ari dira. Zenbait herritarren parte hartzearekin mosaikoa egin dute EHEren logoa irudikatuz. Leloa Espaloitik ez gara jaitsiko da.
Oreretako Euskal Herrian Euskarazek (EHE) antolatuta, Euskaraz Bizi Eguna egiten ari dira. Goizean zehar, trikitilariak aritu dira erdialdeko kalean girotzen, eta horrez gain, Zumardian Euskal Herrian Euskarazen kamisetak eta bestelakoak erosteko aukera izan da.
Eguerdian mosaiko erraldoia egin dute Herriko Plazan: hainbat herritarrek EHEren logoa den karakola berdea irudikatu dute. Modu horretan, espaloitik ez direla jaitsiko argi utzi nahi izan dute, euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatuz. Espaloiaren metafora argitzeko Ferran Suayk idatzitako Bahamarren edukazio ona testua irakurri dute.
Apartheid garaian Bahamar uharteetan gertatzen zena kontatzen du: bertako herritar beltzak espaloitik jaisten ziren zuriak zirenekin gurutzatzea saihesteko. Berak katalanarekin gertatzen dena horrekin alderatzen du, baina euskararekin ere gauza bera egin daitekeela iritzi dio EHEk: “Erdaldunekin topo egitean, espaloitik jaitsi eta erdaren errepidera egiten dugula salto”.
Bazkaria eta ekitaldi gehiago, arratsaldean
Goizean mahaiak prestatzen aritu dira bazkaltzeko, eta orain hasiko dira bazkaltzen. Bazkalostean Ane Badiola eta Iñaki Labakaren kantaldia entzun ahal izango da. Arratsaldean, berriz, poteo musikatua izango da 18:30etik aurrera, eta gauean karaokea, Arkaitza tabernan.