Homofobiaren Kontrako Egunaren harira, atzo Irungo Udalak adierazpen instituzionala atera zuen egun horri batzen zaiola azalduz eta diskriminazio mota guztien kontra lan egiteko konpromisoa adieraziz. EH Bildurentzat ez da nahikoa izan adierazpen hori, eta hala, batetik, “adierazpen politika hutsa egiteari uzteko” eskatu dio udal gobernu taldeari, eta bestetik, “berdintasun eta diskriminazio ezaren bidean eskura dauden markoak modu egokian erabiltzeko”.
EH Bilduren ustez, udal gobernuak ez du neurririk eskaintzen, eta areago, emakumeen eskubideak bermatzeko bidean egindako lana begiratzeko eskatu die herritarrei. Udalak eskubideak bermatzeko zenbait tresna dituela esan du talde abertzaleak, eta horien artean
III. Berdintasun plana jarri du adibidetzat, “argitasun falta du eta ezkutuan mantendu du”.
EH Bilduk sexu aniztasuna eskubide bat dela aldarrikatu du, eta hori bermatu behar dela argi uzteaz gain, hala izatea bultzatu behar dela gaineratu du.
Azkenik, adierazpen instituzionala gaztelaniaz bakarrik argitaratzea salatu du.