Oarsoirriak taldeak Haurren Ametsetako Jaiak iniziatiba martxan jarri du Errenteria-Oreretan, herriko jaiei begira. Zentzu horretan, zenbait saio egingo dituzte madalenetarako haurrak dituzten proposamenak jasotzeko.
Hala, hurrengo larunbatean, hilak 24, haurrei euren ametsetako jaiez galdetuko diete. Euren jairik gustukoenak marraztuko dituztela aurreratu dute, eta horiek bukatuta daudenean, erakusketa bat egingo dutela. Haurrek gustukoak dituzten ideiak bozkatuko dituzte. Saio hori, 17:00etan izango da Koldo Mitxelena plazan (eguraldi txarra eginez gero, Reina aretoan).
Hurrengo saioa, berriz, hilaren 30ean izango da, 18:30ean, Koldo Mitxelena plazan. Bertan jakinaraziko dute zeintzuk diren proposamen bozkatuenak, eta haurrekin batera horiek errealitatera nola eraman asmatzen ahaleginduko direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Konfirmazioa eskatu du Oarsoirriak taldeak asteartea (hilak 20) baino lehen, eta horretarako hemen egin behar da
doiop.com/haurren-jai-batzordea.
Ekitaldi hori 3-11 urteko haurrei zuzenduta dago.