Eva Forest hil zeneko zazpi urte beteko dira astelehenean
Hilaren 19an omenaldia egingo diete kazetariari eta Alfonso Sastreri Itsas Etxean, 19:00etan, ate irekiekin. Hainbat irakurraldi eta proiekzio egingo dituzte, haien artean Marat-Sade-ren jatorrizko bertsioko ezagutu gabeko bat.
Astelehenean zazpi urte beteko dira Eva Forest kazetaria hil zela, etxean eta lagunen artean hutsune handia utziz. Asko izan ziren kazetari eta idazlearen heriotza sentitu zutenak, eta hil eta zazpi urtera oraindik haren laguntasuna eta ekarpenak aldarrikatzen dituztenak. Horren adibide da asteburuan Madrilen eta astelehenean Hondarribiko Itsas Etxean egingo zaion omenaldia, antzerki, literatura eta kazetaritzako hainbat pertsonek, lagunek prestatu dutena.
Omenaldi bikoitza izango da, bi zentzutan. Batetik Forestentzat garrantzia handia izan duten bi lekutan egingo dutelako, Madrilen eta Hondarribian, eta, bestetik, kazetariaren bikotekide Alfonso Sastre ere omenduko dutelako bi ekitaldietan. Itsas Etxekoa arratsaldeko zazpietan hasiko da eta, lagunek lagunei antolatutako zerbait izango den arren, kulturaren garrantzia aldarrikatu eta “ideien borrokan” parte hartzeko deialdia luzatuko dute; ezinbestean, bertan Sastre eta haren eta Foresten bide lagunak bilduta egonik.
Ordu eta erdi iraungo du asteleheneko ekitaldiak eta mundu mailako primizia bat ere izango da Itsas Etxean, orain arte argitaratu gabeko Marat-Sade obraren jatorrizko bertsioaren proiekzio bat. Horrez gain, hainbat testuren irakurketa eta beste zenbait parte hartze izango dira. 19:00etan hasiko da ekitaldia, eta ez da sarrerarik kobratuko.