Alazne Inziarte: "Disfrutatu behar dugu eta igotzen bagara, hobe"
Oiartzungo emakumeen futbol taldeak Lehen Mailara igotzeko kanporaketa abiatuko du etzi, 12:00etan, Fundacion Albaceteren zelaian. Kanporaketa horretako joaneko partida izango da, eta buelta, hilaren 25ean egingo dute Karla Lekuonan. Liga oso ona egin dute oiartzuarrek. Orain horri ginga jarri nahi diote.
28 urte izan arren, taldeko beteranoetakoa da Alazne Inziarte jokalaria. Aitortu du Albaceteko taldea ez duela ezagutzen, Bigarren Mailako beste talde batean jokatzen duelako, baina ziur da talde indartsua izango dela. Lehen partidan kontrarioari “neurria hartu” nahi diotela esan du jokalariak, eta ziur du kanporaketa disfrutatzeko erabiliko dutela “urtean zehar lan oso ona egin dugu. Disfrutatu behar dugu. Eta igotzen bagara, hobe”.
Taldea indarrez eta gogoz dago, Inziarteren arabera. Ilusio handia dute gora egiteko bidean. Eta horretarako lehenik emaitza ona lortu nahi dute joaneko partidan, eta itzulikoan, hilaren 25ean, zaleen laguntzarekin balentria lortzea espero dute.
Hala ere, talde txikia da Oiartzun. Lehen Mailan —hala nola, Reala, Athletic edo Bartzelonaren lehen taldeak ari dira bertan lehian— aurrekontu handia behar da lehiatzeko, desplazamenduetarako bakarrik diru asko behar delako. Hortaz, Inziartek esan du zelaian lortutakoak gero jarraipena izan behar duela bulegoetan. Baina zaila izango da taldea Lehen Mailan aritzeko adina diru lortzea.