2014ko sanmartzialetako 6. Herri bazkaria eta kuadrilla eguna aurkeztu du gaur goizean Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak. Ekainaren 21ean finkatu dute hitzordua, Ficobako 2. eta 3. pabilioietan. Denera, 1.600 lagunentzako lekua izango da, eta aurten ere, pertsona ororentzat ateak irekiko dituzte arratsaldean.

Irudian herri bazkari eta kuadrillen eguneko aurkezpena
2014ko sanmartzialetako 6. Herri bazkaria eta kuadrilla eguna aurkeztu du gaur goizean Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak. Ekainaren 21ean finkatu dute hitzordua, Ficobako 2. eta 3. pabilioietan. Denera, 1.600 lagunentzako lekua izango da, eta aurten ere, pertsona ororentzat ateak irekiko dituzte arratsaldean.
Aurtengo bazkariaren prezioa 17 euroan finkatu dutela azaldu du Miren Polo Betti Gotti elkarteko kideak: “Bertan bazkari osoa, edaria, kafea eta sortzen den giroa dago. Eta aurten euro bat Betti Gottiren udalekuetara zuzentzea erabaki dugu, zailtasunak dauzkagulako ekintza hau aurrera ateratzeko; batez ere, udalak ez digulako diru laguntzarik ematen”.
Sarrerak Bidasoko EKTren egoitzan (Larretxipi kalea, 12) eskura daitezke: maiatzaren 30ean eta ekainaren 6an 18:30etik 20:30era, eta maiatzaren 31n eta ekainaren 7an 11:30etik 13:00etara. Adin txikikoei sarrerarik ez erosteko eskatu dute antolatzaileek eta aurtengo kolorea horia izango dela jakinarazi dute. Begetarianoek, zeliakoek… tiketa erosterakoan beren egoera adierazi besterik ez dutela egin behar menu ezberdina jasotzeko ere zabaldu dute Betti Gottikoek.
Berritasunak
Aurten bi berritasun prestatu dituztela azaldu du Joxeja Zabalo elkartekideak. Herri bazkariak gaztetxo ugari erakartzen dituela adierazi du Zabalok, eta beste herrietan halako herri bazkaritan gertatutakoa badakitela esan du: “Azkenean gaztetxoentzako bazkaria bihurtzen da soilik. Betti Gottik antolatutako herri bazkari hau adin guztietako jendearentzat dela azpimarratu nahi dugu”.
Hori dela eta, aurten txartelen lehenengo egunaren salmentan adina edukiko dute kontuan eta era horretan, pabilioi bat 24 urtetik gorakoentzako prestatuko dute, eta bestea 24 urtetik beherakoentzako. Gainontzeko egunetan adina kontuan hartu gabe salduko dituzte txartelak “plaza guztiak betetzearren”, gaineratu du Zabalok.
Aurtengo ekitaldirako gainera, abesti bat sortzea erabaki dute elkarteko kideek. Horretarako prozesu bat zabaldu zuten internet bidez eta proposamen bakarra jaso zutenez, dagoeneko abestia hautatu dute. “Mikel Goikoetxea irundarrak egindako konposizioa daukagu”, azaldu du Zabalok. “Sare sozialetan, tabernetan eta inguruan eguna iritsi ahala zabaltzen joango gara”, erantsi du.
Kamiseta lehiaketari dagokionez, aurten 8 kamiseta onenak aukeratuko dituztela adierazi dute, eta gerora, herritarrek gustukoen dutena aukeratuko dute, internet bidezko bozketan.
Bestalde, aurtengo kalejira Hondarribiko Elektropatxarangak girotuko duela adierazi du Iñaki Goikoetxea elkartekideak. Ficobara joaterakoan eta Irunera bueltatzerakoan entzun ahal izango dira Elektropatxarangaren doinuak, baita Ficoban bertan ere. “Jaiak herrian antolatzea garrantzitsua iruditzen zaigu, gure asmoa jendea hona –Irunera– itzultzea da eta parranda gurekin bukatzea, Urdanibia plazan edo Kale Nagusian bakoitzaren arabera”.
Herri Olinpiadak
Aurtengo Herri Olinpiadei dagokienez, Urdanibia plazan egin nahi dituztela adierazi du Goikoetxeak; hala eta guztiz ere, obren arabera San Juan plazara lekualdatzea ere aurreikusi dute. Iaz, 22 taldek izena eman zuten olinpiadetan, eta aurten kopuru hori handitu daitekeela uste dute antolatzaileek. Beraz, jende kopuruaren arabera olinpiada “mugikorragoa” izan daitekeela adierazi du Zabalok, “Urdanibia plazatik San Juan plazara, San Martzial aldapa hartuta agian”. Garai batean egiten ziren zenbait joko berreskuratu nahi dituztela ere azaldu dute antolatzaileek.
Horiek horrela, parte hartzen duten kuadrillei pintxopoterako txartel bat ere emango zaiela adierazi dute.
Egitaraua:
- 09:30 Gosaria
- 10:00 Kuadrillen olinpiadak
- 12:00 Txaranga eta batukada poteoa (Urdanibian eta San Juanen)
- 13:30 Kalejira Zentrotik Ficobara, Elektropatxarangarekin
- 16:30 Musika zuzenean eta Djak
- 20:45 Elektropatxarangarekin itzulera