Arrautz Egosiaren Eguna
Gure garaian arrautzak benetakoak ziren, ez ziren txokolatezkoak». Esaldi hori San Marko Eguneko ospakizun tradizionala bezain tradizional bihurtu dela iruditzen zait. Nik behintzat urtero entzuten diot nire inguruko baten bati. Ospakizun askotan errepikatzen ditugu horrelako esaldi nostalgikoak. Ez dira gezurrezkoak, baina ohituretan gertatzen diren aldaketak tristuraz begiratzeko modu bat dela iruditzen zaizkit. Arrautzarena horietako bat da: “Aste osoa arrautza egosia jaten pasatzen genuen, arrautza egosia atunarekin, arrautza egosia tomatearekin…».
San Marko Eguna duela bi aste ospatu da, eta osasuntsu dagoen ohitura dela esan daiteke. Arrakasta duen egun berezia da, haur eta nerabeen artean batez ere. Kultur eta gizarte elementu asko batzen dira opilaren inguruan, baina batez ere igarotze erritu itxura du. Haurraren adinaren arabera arrautzak gehitzen eta opilaren tamaina handitzen doa. Txikitan umeak gurasoekin batera joaten dira mendira, baina handitu ahala lagunartean egiten dute egun pasa, familiaren babesetik lagun taldearen konplizitatera pasaz. Nerabe askorentzat, gainera, lehen aldiz, alkoholarekin harremana izateko eguna izaten da. Gure gizarte honetan, hori ere, heldua izateko beharrezko urratsa baita, nahiz eta politikoki zuzena den diskurtsoan halakorik aipatzea gaizki geratzen den.
Gure festak alkoholaren inguruan antolatzen ditugu edo, gutxienez, jaietan alkohola beharrezkoa den elementua da. Hala ere, oraingoz, ez gara irlandarren mailara iritsi. Bertako lagun batek esan dit azken urteetan jai berri bat sortu dela Irlandan: Guinness Day. Guinness garagardoa herrialde hartako ikurretako nagusi bat da, eta duela bost urte, edari honen enpresa Arthur Guinness Day jaia ospatzen hasi zen. Itxuraz, urteko jaiegunen egutegian ospakizun garrantzitsua bihurtzea da haien helburua, eta halako enpresek mugitzen duten dirua kontuan hartuta, eta Guinness garagardoak Irlandan duen atxikimendua ikusita, ez dirudi zaila izango denik. Egunaren ekimen garrantzitsuena arratsaldeko seietan, irlandarrek, dauden tokian egonda, Guinness bat altxatuz topa egitea da.
Imajinatzen al duzue halako zerbait hemen? Keler Eguna? Zapirain Eguna? Marques de Riscal Eguna? Hiruzta Eguna? Halakorik Euskal Herri osoan ospatzea, eta denok ordu berean topa erraldoia egitea nekez irudikatu dezakegu. Hasteko, edari bakar bat eta marka bakar bat adosteko nahiko lan izango genukeelako. Oraingoz, guk nahiago dugu izen generikoak dituzten edari eta janarien jaiak egitea eta bertan, noski, marka duten edariak edatea: sagardo eguna, babarrunarena, ardoarena, txuletarena, txakolinarena… Azken urteetan ugaritu diren jai hauetan jan-edari guztien eguna ospatzen da. Guztiak? Ez. Jai bat falta dela konturatu naiz: Arrautza Egosiaren Eguna. Ospatzen hasiko al gara?