Larunbat honetan egingo dituzte herri olinpiadetako azken probak Zumardian, bazkariaren aurretik eta ondoren. Bertaratzen ez denak ez du jakingo zer giro biziko den.

Ondo pasatzeaz gain, lehia ere izan da olinpidetan.
Bihar, larunbatez, bukatuko dira 2014ko Hondarribiko Herri Olinpiadak. Goizez eta arratsaldez egingo dituzte azken probak eta haien artean herri bazkari erraldoiaz gozatuko dute olinpiadetan parte hartutakoek. Bazkaria, beste guztia bezala, gazteek beraiek antolatu eta prestatuko dute. Izan ere, garai batean herrian egiten ziren olinpiadetan oinarritu dira eta, horietatik, autogestiorako gaitasuna jaso dute, ondo jaso gainera.
Orain arte egin diren probetako batzuk eskaera fisiko handikoak izan badira ere, inork ez du min handirik hartu, baina oraindik Twister erraldoia falta da, gorputzeko gihar guztiak astinduko dituen proba. Beroketak ondo egiten ez duenak gaizki pasako du.
Ondoren pintxo txapelketa egingo dute hemeretzi taldeek. Bakoitzak bost pintxo prestatu beharko ditu eta euren artean osatutako epaimahaiak erabakiko dute zeintzuk pasako diren finalera. Finalean, epaimahaia aldatuko da. Besteen izenak konfirmatu gabe dauden arren, David de Jorge sukaldaria izango da epaileetako bat.
Herri bazkarirako 300 lagunetik gora daude izena emanda; argi dago olinpiada berriek lehen urtean tamaina polita hartu dutela. Berezia izango da azken asteetan elkar ezagutzen joan den koadrila berri horretako kideak denak elkarrekin bazkaltzen ikustea. Probez gain beste plan batzuk egin izan dituzte, hala nola, triki poteoak, mendi irteeraren bat, hondartza elkarrekin garbitu.
Bazkaldu eta gero kultur arloko probak egingo dituzte, bertso proba eta karaokea. Bertso probarako bazkaltzen hasi aurretik emango zaie gaia eta, horrela, denbora pixka bat edukiko dute bertsoak buruan lantzeko. Eta karaokerako ez dakigu zer ari diren prestatzen baina mozorroren bat egongo da tarteko.
Bukaera, musikarekin
Goizez eta arratsaldez egingo dira olinpiadetako azken jardunaldiko probak. Karaokea izango da azkena, baina horrekin ez da eguna bukatuko, gutxiago azken eguna izanik. Azken sailkapena izango da eguneko une esperatuenetako bat. Talde askok erakutsi dute orain arte lehiatu bai baina sailkapenari ez diotela begiratzen, baina aurreko egunetan proben ondoren taldeen sailkapena irakurri izan dutenean, olinpiadetan parte hartzen ari diren talde guztien lana txalotzeko aukera izan da, banan bana, eta momentu goxoa izan da hori ere. Larunbatekoa azken sailkapena izango denez, berezia izango da, hori seguru. Gainera, sarien gaineko informaziorik ez dute orain arte eman, isilpeko gauza da, eta hortaz, azken unera arte ez da jakingo.
Itxiera zeremonia hasierakoa bezain beroa izaten bada, horregatik bakarrik ja mereziko du hilaren 10ean Zumarditik pasatzea. Herriko gazteek olinpiadak berriro antolatzen hasiko zirela adierazi zutenetik ilusioa piztu zuten herrian, eta sentimendu hori hazten joan da orain arteko hiru jardunaldiak betetzearekin batera. Horrekin guztiarekin pilatutako pozak eta aurtengo olinpiadak bukatuko direlako parte hartzaileek —eta herriak— sentituko duten tristura, elkartuko dira itxiera zeremonian.
Baina antolatzaileek ospakizuna izatea nahi dute, eta musikarekin ospatuko dute, luze. Aurrena herriko bi taldek kontzertuak emango dituzte, ondoren olinpiadetako bi DJ ofizialek, DJ Aristik eta DJ Kanupik euren maisutasuna erakutsiko dute beste behin soinu mailaren atzean, eta, bukatzeko, dantzaldia izango da Ezten Giro taldearekin.
Asteburu honetan ez da herri kirol plaza izango Hondarribiko Zumardia, baina herria suspertzen lagundu duen kirol eta bestelako ekitaldi handi bati amaiera emateko balioko du. Herriko gazteek —eta gazte sentitzen direnek— goitik behera idatzitako istorio eder baten azken kapitulua izango da. Hurrengoa idazten hasteko abiapuntua.
Azken jardunaldia
- 11:00. Twister erraldoia.
- 12:30. Pintxo txapelketa.
- 14:00. Bazkaria.
- 16:00. Bertso proba.
- 17:00. Karaokea.
- 19:30. Agurra.
- 20:30. Kontzertuak.