
200 metroko hodi batekin isuri dute itsas hondarra
Hondarribiko hondartzan harea isuritzen ari dira atzoz geroztik, Kostaldeko Zuzendaritza Nagusiak abian jarri duen Itsasertzeko Planaren barruan. Neguko denboraleek eragindako kaleei aurre egiteko plana da eta 3,7 milioi euroko aurrekontua du. Hondartzak galdutako harea berreskuratzeko draga ontzi handi bat erabili dute, eta 200 metro luzerako hodi batekin jasotako harea hondartzan utzi du.
Hondarribia eta gero euskal kostaldeko gainontzeko lekuetara joango da: Zurriola (Donostia), Zarautz, Getaria, Deba eta Bakiora. “Ingurumen Ministerioko Kostaldeetako Zuzendaritza Nagusiak egindako inbertsioa dela. Irizpide geografikoari jarraituz, Hondarribian hasiko da eta Kostaleko ibilbidea jarraituko du, udarako dena amaitzeko asmotan”, esan du Juan Mari Altuna alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Hondarra banatzen ari dira gaur
Gaur eskabadorak ari dira draga ontziak isuritako harea banatzen. Bihar bukatuko dutela espero du udalak. “Hondartzako hondarra mugitu egin dela nabaritu dugu, eta azken ekaitzetan mugimendua areagotu egin da; horren ondorioz banku handi bat sortu da hondartzaren erdian, urez betetzen dena. Hala hondarra berrantolatu egingo da, Jaizkibeleko kalitate handiko 30.000 metro kubo hondar ezarriz”, esan du Altunak.
Neguko denboraleen ondoren euskal erakundeen arteko bilerak egin zituzten eta bilera horietan eragindako kalteak zenbatu eta egin beharreko konponketak zehaztu zituzten. Hondarribian, Farolako bidea eta espigoia dira kalte handiena jasandako azpiegiturak, baina hondartzan ere izan zen eragina.
Hondartzan bezala, gainontzeko lanetan ari dira eskumena duten erakundeak. “Obra honekin batera espigoiko eustormaren konponketa ere amaitzen ari gara, kaltetua suertatu baitzen neguko ekaitzetan. Aurrekontua 187.226 eurokoa da. Espigoiko azken zatia konpontzekoa zenez, bide batez espigoi osoa hobetu dugu, urte asko baitzeramatzan ukitu gabe” gaineratu du alkateordeak. Ekaina hasierarako espigoia konpontzen bukatuko dutela uste du udalak.