Hondarribiko Film Laburren I. Erakustaldia egingo dute larunbatean Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan, Euskal Fimategiko Kimuak programako 2013ko lanekin. Besteak beste 8 apellidos vascos-en gidoigilearen zinta bat proiektatuko dute. Sarrerak 2 euroko prezioa izango du.
Hondarribiko Film Laburren I. Erakustaldia egingo dute larunbatean Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan, Euskal Fimategiko
Kimuak programako 2013ko lanekin. Besteak beste, dokumental onenari azken Goya saria, Luis Tosar protagonista den filma, edota
8 apellidos vascos-en gidoigilearen zinta bat proiektatuko dituzte. Sarrerak 2 euroko prezioa izango du eta emanaldiaren ondotik jaia hasiko da Basque tabernan, luntxarekin eta Naicaren DJ saioarekin.
‘Minerita’ dokumental laburraren une bat
Gaur goizean egin dute aurkezpena udaletxean, bertan izan direlarik egitasmoko sustatzaile Demetrio Elorz eta Txomin Sagarzazu Kultura zinegotzia. Elorzek onartu duenez, erakustaldia baino jaialdia zuen buruan, “baina bizi dugun garaian eta lehen urtea izateko, asmo handiegia zen”. Hala, egun bakarreko erakustaldia antolatu du, eta saririk gabekoa.
Lehen ekitaldiak duen bilakaeraren arabera aztertuko dute heldu den urterako formatu hori mantendu edo jauzia eman, baina, jaialdia bilakatuta ere, lehiakortasun gabea nahiko lukeela gaineratu du antolatzaileak: “Europako jaialdi asko hasi dira sarietarako duten dirua atal ofizialeko zinta guztien artean banatzen eta hori ona da, zinegileei euren bigarren, hirugarren edo hurrengo film laburra grabatzeko laguntzen dielako”.
Sagarzazuren hitzetan, “zine laburraren loraldia” bizitzen ari gara eta Kimuak programak Euskal Herrian horretan lanketa egiten ari direnen lanak gizarteratzeko balio izan duela uste du. Denbora gutxian Hondarribian egiten den metraje laburreko filmen bigarren proiekzioa izango da larunbatekoa, apirilaren 4an Topaguneak antolatutako Laburbira jaso baitzuen Kultur Etxeak.
Oraingoan, Itsas Etxean egingo dute. “Ez bata, ez bestea, ez ditugu zine aretoak, ez gara zinean espezializatuko, baina ez dugu zinea ahaztu nahi”, nabarmendu du zinegotziak. Bi aretoetan zazpigarren artea programatzen jarraituko dutela aurreratu du eta 2015ean erakustaldia berriro laguntzeko borondatea azaldu du, formatu horretan nahiz hainbat eguneko jaialdi izan: “Bideak erakutsiko digu noraino iritsi gaitezkeen”.
Hondarribiko Film Laburren I. Erakustaldia. Filmak
- A political story. Lander Camarero
- Cólera. Aritz Moreno
- Democracia. Borja Cobeaga
- Hotzanak, for your own safety. Izibene Oñederra
- Minerita. Raul de la Fuente
- Una hora, un paso. Aitor Iturriza, Bernat Gual
- Zela Trovke. Asier Altuna