Lau hilabete igaro dira dagoeneko Erletxeak ateak ireki zituenetik kale Nagusiaren 5. zenbakian. Gizarte larrialdietarako laguntzen eta prestazioen inguruko informazioa ematen dute astelehenero bertan parte hartzen duten boluntarioek. Orain, lehen lau hilabete hauen ondorioak kaleratu dituzte taldeko kideek eta “gehienak negatiboak” direla onartu dute.
“Informazio falta eta batez ere, ezarritako gehiegizko baldintzek eskatzaileen gehiengoa laguntzetatik kanpo uzten ditu” salatu dute Erletxeko kideek. Hala, emakumeak eta helduenak kolektiborik kaltetuenak direla ondorioztatu dute. Halaber, familia askok bizi duten egoera ekonomiko txarra ikusita, umeen egoera nabarmendu nahi izan dute “horiek hazi eta hezi ahal izateko laguntza gabezia” dagoelako.
Datuak
46 kontsulta jaso ditu Erletxeak lau hilabetean, horietako 25, emakumeenak (%54,35) izan dira. Halaber, %52,17a langabezian zegoen eta %21,74a langabe ez izan arren, baldintza prekarioen ondorioz laguntza ekonomiko osagarria lortzen saiatzen da.
Horiek horrela, zenbaitetan jasotako informazioa zuzena zen edo ez jakiteko Erletxera jo dutela aholku bila adierazi dute bertako kideek. “Denbora tarte honetan informazio falta, erdizkakoa edo erabat okerra zen informazioa eman dela ikusi dugu” adierazi dute. “Lanbideren edo Ongizate arloaren bulegotan jasotako tratuarekin ezinegona ere agertu dute noizbait zenbait lagunek”, gaineratu dute.
Erletxeko kideen txosten osoa beren
webgunean gaztelaniaz irakur daiteke.