Gure esku dagoenaz
Gure Esku Dagoren giza katea, Kataluniakoaren (lehen)gusu txikia, ez hainbeste ahaidetasunagatik, tamainagatik bezainbeste. Lehengusu hitzari lehen ere kendu behar, dagoeneko ezin baitiogu gure herriari aitzindaritza ere esleitu, argi dago. Mugimendua anitza izaten ari da sustatzaileen arabera eta, horren erakusle, Lezamako Batzokian ospatutako bilera. Are gehiago, Oarsoaldeko herriren batean PSEko jendea ere agertu da argazki batean, eta Gemma Zabaleta sozialistak publikoki aitortu du giza katean egongo dela, sektore baskista delakoa ordezkatuz. Euskadiko Ezkerra zer den jakin ahal izango dugu azkenean gazteok? Siglak mantenduz Egigurenen Ezkerra modura bataiatuko ote dute? Disidenteak besterik ez ote dira, Katalunian bezala? A, dibertsitatearen gaiarekin amaitzeko, herriko tabernaren batean ere burutu omen da batzarren bat, mihi gaiztoek diotenez.
Irungo jaietan zapaldu nahi ez dugun Ficoba erakustazoka izan zuen abiapuntu dinamikak. Bertan, Gure Esku Dagoren aldarrikapena urrunxeago duten alderdi politikoengandik bereziki hurbil egon diren bi kultura-pertsonaiak lehen ilaran: Kirmen Uribe eta Kepa Junkera. Bekatu barkaezinpean bizi izan dira luze, baina ongi etorriak izan bitez gure bilakatzen badira goizetik gauera. Bada geroztik Uriberen poema eder bat logelako paretan itsatsi duenik, eta entzun dudanagatik, bere seme-alabak etorkizunean trikiti eskoletara apuntatzea erabaki duen bikote gazteren bat ere bai.
Independentziara bidean dugun arazo potoloenetako bat lurraldetasuna dela dirudi, eta Gure Esku Dago plataformak, barka, dinamikak, ere egingo zuen topo dilemarekin. Eta azkenean, bada hori, denok dakiguna, Ipar Euskal Herriarekin ameskeriatan jarraitzeak ez garamatzala inora, aski dugula Nafarroako Erresumarekin. Eta zergatik ez esan, EAErekin ere nahiko lan! Ez dirudi zatiketa honek jendea gehiegi sumindu duenik, eta erreakzio falta horrekin ere ez da inor harritu, noski. Izan ere, gauzak nola dauden ikusita, edozer ontzat hartzeko moduan gaude euskaldunok. Mugaz bestaldekoekin erabat apurtzea itsusi samarra izango litzateke, eta kilometro pare bat utzi diegu giza katean, erromantikoenak kexatu ez daitezen. Non eta Itzan bertan, irundarron ondoan.
Omnium Cultural elkarte katalanak, egun eta ordu berean, Castell ugari eraikiko ditu Europako hainbat hiriburutan barrena. Ez omen da kasualitatea, edo hori esan digute anaia-arreba katalanek, edo agian pentsatu nahi izan dugu euskaldunokin batzeko aukeratu dutela espresuki egun hori, errukiaren alderik ederrena erakutsiz. Enpin, kontua da ekainaren 8ko giza katean irundarroi Itza tokatu zaigula, eta ez Oarso Bidasokoa, Iruñea ondokoa baizik. Oarsoaldeko lagunok, jende aldetik eskas bazabiltzate lasai eskatu guri, Bidasoaldekooi Itza txiki geratzen ari zaigu eta!