
Grises taldeko kideak
MEK (Musicos En Kontakto) Jaialdiaren hirugarren ekitaldia jasoko du gaur Cafe Irunek arratsaldeko zazpiak eta erditik aurrera. Ordu horretan hasiko da hamar ordu eta erdiko musika maratoia. Lady Red elkarteak antolatzen du, Irungo Udalak bultzaturiko Irun Zuzenean programaren barruan. Hain zuzen ere, MEK jaialdiaren lehen ekitaldia izan zen Irun Zuzenean kontzertu programa estreinatu zuena.
Aurreko bi ekitaldietako bakoitzean herrialdeko 21 taldek jo zuten Cafe Irunen. Aurten antolatzaileek kalitateari begiratu diote eta taldeen zerrenda murriztu dute. Estiloei dagokienez, MEK jaialdiaren hirugarren ekitaldian ere aukera anitza izango da, baina aurten maila handiko tokiko bandek eta Espainiako estatuan erreferente bilakatu diren taldeak entzuteko aukera izango da, zazpi guztira.
Talde gutxiago izanik, formatua eta kontzertuen iraupena asko aldatuko da aurten. Hala, Luke Armstrong eta Tristan Crowley bakarlariek terrazan joko dute eta taldeek barruko eszenatokian. Bi horiek, eta The Inductions, El Octavo Arbol eta Sky Beats taldeek ordu erdi inguru joko dute bakoitzak. Eta jaialdiko bi banda garrantzitsuenak, Peachy Joke eta Grises, ordu eta erdi egongo dira eszenatokian. Rockalean taldeak amaiera ganberroa emango dio aurtengo MEK jaialdiari.
Aurten ere autobusez joan eta itzultzeko aukera jarri dute antolatzaileek. Autobusa Donostiako Amara Plazatik abiatuko da 20:00etan, Errenteria-Oreretako Zumardian geldituko da (20:20) eta azken geltokia Irungo Zabaltza plazan egingo du, 20:45ean. Autobusez itzuli nahi duenak lau aukera izango ditu. Goizaldeko hirurak eta erdietan eta 05:00etan Irunera bakarrik joango diren autobusak aterako dira Cafe Irunetik. Errenteria edo Donostiara joateko, aldiz, 04:00etan edo 05:30ean hartu beharko da.
MEK Jaialdia 2014
Lekua: Cafe Irun (Letxunborro etorbidea, 91). Topoko Katea-Landetxa geltokitik gertu.
Ordutegia: 19:30 – 06:00.
Taldeak: Grises (indie), Peachy Joke (rock), Sky Beats (soul, blues), El Octavo Arbol (pop), The Inductions (hard rock), Luke Armstrong (bakarlaria, folk britaniarra), Tristan Crowley (bakarkaria, melodikoa) eta Rockalean (rock moldaketak).
Sarrerak: Cafe Irunen, The Corner tabernan (Kale Nagusia), De Cine Reynan (Errenteria-Oreretan) eta Koh Tao kafetegian (Donostia). 15 euro.