PPk eta EAJk bozkatu zuten proiektuaren alde
Zuloaga Etxea zaharberritzeko proiektua eta lanak esleitzeko plegua onartu zituzten atzo arratsaldean apirileko ohiko plenoan. Urritik lehen aldiz, udalbatzako 17 zinegotziek hartu zuten parte bilkuran, dimititutako Bilduren hiru zinegotzien ordezkoek haien karguak hartu baitzituzten. Karlos Gevarak, Olatz Ugaldek eta Sagrario Alzak “Euskal Herriak onartu ez duen Konstituzioak behartuta” promes egin zuten eta “Hondarribia euskaldunago baten, berdintasun eta justizia sozialaren alde lan egiteko asmoa” agertu zuten.
Zinegotzi berrien kargu hartzeez gain, liburutegiaren egitasmoa zen atzoko bilkurako gai garrantzitsuena. Zuloaga Etxe ondoko eraikina erosi eta gero eta goiko solairuak aprobetxatuta, azalera erabilgarria hirukoiztuko du herriko bibliotekak —400 metro koadrotik 1.200 metrora— eta zerbitzuak egungo beharretara moldatuko ditu. Proiektua diseinatzeko, liburutegiko arduradunak zehaztu ditu eraikineko beharrak eta, lehen aldiz, udal teknikariek osatuko dute konkurtsora aurkeztuko diren proposamen artean erabakitzeko epaimahaia, ordezkari politikorik gabe.
Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek hitz politak izan zituzten liburutegia berritzeko proiektuarentzat, baina bi atalekin ez ziren ados jarri eta bozketan ez zen udalak nahi zuen adostasuna jaso. EAJk eta Alderdi Popularrak alde bozkatu zuen, Bilduk eta PSE-EEk kontra, eta Hamaikabateko ordezkaria abstenitu egin zen. Beheko solairuko hitzaldi aretoaren eta eraikinaren irisgarritasunaren gainean ez ziren ados jarri udal taldeak.
Aitor Kerejeta alkateak azaldu zuenez, iaz udal gobernu taldeak aurkeztutako proiektu proposamena “liburutegi baten proiektua zen” eta ez zuen beheko solairuan bilera edo hitzaldietarako aretorik aintzat hartzen. Egun hitzaldi aretoa dagoen lekuan Haurren Txokoa ageri zen eta hitzaldi aretorik gabe geratzea ez zuten ondo ikusten oposiziotik. Hala, hainbat bileretan gaiaz eztabaidatu eta gero udalak egitasmoa aldatu eta Haurren Txokoa balio anitzeko gela izatea proposatu zuen osoko bilkurara eramandako proiektuan, hau da, haurren liburutegia bilera gela bilakatu ahal izatea hala behar denean. Horrez gain, areto hori nola kudeatu zehazteko araudia denen artean prestatzeko aukera luzatu zuen alkateak. Erdiko bide horrek, baina, ez zituen Bildu eta PSE-EE asebete eta aurkeztutako proiektuaren kontra bozkatu zuten.
Noblia, eztabaidan parte hartzen
Oposizioko lehen taldeak, Bilduk, Zuloaga Etxea berritu eta handitzeko proiektua “urte askorako proiektua” dela baieztatu zuen eta “ezin dela okerrik hartu”. Horregatik, Kattalin Nobliak udal gobernuari atzera egiteko eskatu zion, “exekuzio proiektua hiritarren beharretara” moldatzeko eta liburutegi berriko beheko solairua berriro aztertzeko. Bere ustez, “areto balio anitza ez da eraginkorra izango”. Gainera, eraikinak irisgarritasuna barrutik bermatzen duela baina bertara iristeko orduan ez, eta hori “lotsagabekeria hutsa” dela iritzi zuen, irisgarritasun arazoak dituzten herritarrak baztertzea delako.
Sozialisten izenean Iosu Alvarez gobernuarekin oso kritiko mintzatu zen eta “adostasunerako borondaterik eza” leporatu zion. Alvarezentzat, “geroz eta aukera gutxiago” daude herrian bilerak egiteko eta erabakia atzera pausutzat jo zuen: “hiritarrek galtzen dugu, eta ez dakit zeinek irabazten duen zerbait”.
Hamaikabateko Ion Elizaldek abstenitu egin zen. Bere esanetan, “garrantzitsua da egungo bilera aretoa bezalako bat edukitzea”, baina gobernuari onartu zion bere hasierako jarrera mugitu izana eta balio anitzeko aretoa kudeatzeko araudia prestatzen parte hartzeko borondatea azaldu zuen. “Araudiak markatu beharra ditu lehentasunak eta eguneroko isla izan behar du bileraren funtzionamenduan”, gaineratu zuen.
Alkatea izan zen plenoan aurkeztutako egitasmoa defendatzeko ardura hartu zuena. Bere hitzetan, oposizioak eskatu zuelako moldatu dute proiektua, haurren liburutegia balio anitzeko gela bihurtuz. “Bilerak egiten direnean ez da Haur Txokorik izango eta hori ez da baztertzailea, polibalentea baizik”, esan zuen. Bere ustez, hitzaldi aretoa liburutegian mantendu nahi izanez gero ez zegoen beste aukerarik, “gela guztiek toki gehiago behar dutelako, liburutegia aspaldi geratu zelako txikia”.
Asko luzatu zen plenoa
Zuloaga Etxeari buruzkoak hartu zuen gehiegi luzatu zen osoko bilkuraren zati handi bat, baina ez zen eztabaida bakarra izan. Izan ere, udalaren barne funtzionamenduari buruz minutu asko aritu ziren zinegotziak, eta une batzuetan plenoak tabernako ika-mikaren antza gehiago hartu zuen herritarren ordezkarien arteko eztabaida batena baino, bereziki 2013ko aurrekontuaren likidazioa eta 2014ko lehen kreditu aldaketa jorratu zituztenean.
Azkenean, bi gai horiek onartu zituzten, baita udalaren eta foru administrazioaren arteko datuak partekatzeko bi hitzarmen, azken hauek aho batez.