Zesta puntako Jai Alai World Tourreko finala egingo dute ostiralean Jostaldin
Jai Alai World Tourreko bigarren txapelketako finala jokatuko dute ostiral honetan Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan, 20:00etan. Joan den asteburuan jokatu ziren finalerdiak Hossegorren (Okzitania), ia 500 ikusle bildu zirelarik.
Eusko Jaurlaritzak eta Munduko Pilota Biltzarrak antolatu dute Jai Alive World Tour txapelketa sorta. Pilotari profesionalak eta amateurrak elkartzen dituzten hainbat Pro-Am txapelketek osatzen dute bira. Lehen txapelketa hilaren hasieran egin zuten Bilbon eta bigarrena pasa den asteburuan hasi zen Hossegorren; ostiralekoa, bigarren txapelketako finala izango da.
Hossegorren, Moresmau-Erkiaga II.a eta Egiguren II.a-Etcheverry nagusitu ziren eta euren artean izango da finala. Finalerdietan bezala, Jostaldiko partidak 15 tantoko bi setera jokatuko dira.
Udan, Master serieak
Hurrengo asteetan World Tourreko txapelketa gehiago antolatuko dituzte, Gasteizen eta Bartzelonan. Udan, aldiz, Master Series txapelketak antolatuko dituzte Jaurlaritzak eta Munduko Pilota Biltzarrak, profesionalekin. Donostia, Bilbo, Gasteiz, Mutriku, Gernika, Markina, Donibane Garazi, Hossegor y Mexikon antolatuko dituzte Master serieak.
Ostiraleko jaialdia
Hirugarren posturako: Korta-Lignau/Treku-Suso
Finala: Moresmau-Erkiaga/Egiguren-Etcheverry