Sagardo Egunaren aurkezpena
Arramendiko magalean aurkeztu zuten atzo Sagardo Egunaren 26. aldia, iaz egi bihurtzen hasi ziren sagastiaren ondoan. Egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako sagardoaren bueltan lanean dabiltzan elkarte, eragile zein norbanakoek eta herritarrentzat “onena” biltzen saiatu direla eta lortu dutela uste dutela nabarmendu zuten antolatzaileek. Eguerdian hasiko da Sagardo Eguna trikitixa, dultzaina eta alboka doinu artean eta irikiera irrintziarekin. 12:00etatik aurrera Gorena zigiluaren barneko sagardoak dastatzeko aukera izango da Foru Plazan. Arratsaldez berriz, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarte barruko zein kanpoko sagardotegietako uzta dastatzerik izango da, euskao labela barne, Zumardian. Baserritarren produktuak, gazta saltzailea eta talogileak ez dira faltako.
Sei euroan salduko dute edalontzia, pintxo baterako txartela, aurtengo sagardo egunaren zapia eta errifa boleto bat.
Bi omendu eta hiru arbola berri sagastian
Arramendi aukeratu zuten aurkezpena egiteko, omenaldia eta sagarrondoak aldatu zituztelako. Baleio sagardotegiko Iñigo Isasa izan zen omenduetako bat eta duela gutxi zendu den Koldo Mitxelena, Eibarko Eta Kitto herri aldizkariko koordinatzailea, bestea. Aurkezpenean gogora ekarri zuten orain sei urte etorri zela Eibar aldetik talde bat, Mitxelena tartean, sagardo egunaren antolaketa ezagutzera eta ondoren hasi zirela Eibarren egiten: “Harreman estua izan dugu ordundik Koldorekin eta beste kideekin eta horregatik omendu nahi izan dugu aurten”. Mitxelenaren anaiak jaso zuen Antton Mendizabalek egindako eskultura.
Mila Alberro ere omendu nahi izan dute aurten Sagardo Egunaren antolatzaileek, “urteak eta urteak daramatzalako gurekin lanean”. Hirugarren sagarrondoa berak aldatu zuen sagastian.