Prebentzio zerbitzu berezia abiatuko du Irungo udalak opila egunean
Irungo Udalak jakinarazi duenez, prebentzio zerbitzu berezia martxan jarriko du apirilaren 25ean opila egunarekin. 18 urtetik beherakoek alkohola kontsumitzea ekidin nahi du tokiko gobernuak, eta era horretan beste “ohitura osasungarriagoak” bultzatu nahi dituzte udaletik.
Horiek horrela, adingabeei alkohola saltzea debekatuta dagoela ohartarazi die udalak merkatariei eta beraz, legea bete dezaten eskatu die. Salmenta ilegalik ematen ez dela ziurtatzeko, Udaltzaingoak kontrolak egingo dituela adierazi dute. Halaber, alkohola eta beste sustantzien kontsumoa ekiditen laguntzeko eskatu die udalak gizarte eragile ezberdinei zein babes zibileko kideei.
Autobus zerbitzu bereziak
Motorren erabilera alde batera uzteko, bi autobus zerbitzu eskainiko ditu tokiko gobernuak: bata San Martzialera eta bestea Guadalupera. San Martzialerako autobusak 10:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 20:30etara ibiliko dira. Zubimuxuko biribilgunetik abiatu eta Hondarribia kalea, Colon ibilbidea, Nafarroa hiribidea, Palmera-Montero eta Arbesko zubian geldituko da.
Guadaluperako autobusa bere aldetik, 10:00etatik 13:30etara eta 16:30etatik 20:30etara ariko da. Honen kasuan, Palmera-Monterotik abiatu, Nafarroa hiribidea, Colon ibilbidea eta Hondarribia kalean geldituko da autobusa.