Ia %20a igo da aste santuan Hondarribia bisitatu dutenen kopurua aurten, %18a hain zuzen ere. Euskal Herritik, Kataluniatik eta Madriletik hurbildu dira turista gehienak —%21,3, %18,9 eta %10,7, hurrenez hurren— eta Espainiako Estatuko gainontzeko lekuetatik %31,1. Frantziako Estatutik, bisitarien %11’2a zenbatu dute.

Bisitariek Alde Zaharra bete dute
Ia %20a igo da aste santuan Hondarribia bisitatu dutenen kopurua aurten, %18a hain zuzen ere. Eguzkia lagun, hiria jendez gainezka egon da oporraldian eta udaleko Lupe Olaskoaga Turismo zinegotzia pozik agertu da datuokin: “Hondarribia jendez betea egon da Aste Santuan. Arma Plaza Interpretazio Zentroko informazio puntutik jakinarazten zaigunez, iazko datuekin konparatuz turista kopuruak %18an egin du gora. Momentu puntualetan izan ezik, eguraldiak lagundu egin du, eta horri ostiral santuko prozesioak eta Hondarribiaren erakargarritasunak batuta, herria jendez beteta egotea ekarri du, azken urteotako aste santutik onena izan delarik”.
Arma Plazako turismo bulegoan etenik gabea izan da bisitarien jarioa, Olaskoagak azaldu duenez: “Arma Plazan egun hauetan etengabe lan egin da. 09:30etik 19:30ak arte ireki da, eta ostegunean, ostiralean eta larunbatean etengabekoa izan zen turisten etorrera”.
Bulegoan jasotako datuen arabera, Euskal Herritik, Bartzelonatik eta Madriletik hurbildu dira turista gehienak: Euskal Herritik %21,3, Kataluniatik %18,9, Madriletik %10,7 eta Espainiako Estatuko gainontzeko lekuetatik %31,1, gehienbat Galizia, Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta Gaztela Leonetik. Frantziako Estatutik, bisitarien %11’2a zenbatu dute eta gainontzeko herrialdeetatik % 6,7, “oso banatuak denak. Atea ireki eta itxi arte uneoro sartu dira turistak, eta Alde Zaharreko ondarea, eliza, Portua auzoa eta Jaizkibel mendia dira gehien galdetzen ziren gaiak” gehitu du Olaskoagak.
Zinegotziak azaldu duenez, bizpahiru egun pasatzen dituzte turistek, eta egun pasa datorrenak asko ugaritu dira. Hondarribiko hotelak %80-85 inguruan egon dira eta nekazal turismo gehienak bete egin dira.
Hainbeste turista egonik, Arma Plaza Fundazioak antolatutako bisita gidatuek arrakasta handia izan dute aste santuan. Hala, Alde Zaharreko bisitak egunero bete dira eta gauza bera gertatu zen Guadalupeko Gotorlekura larunbat, igande eta astelehenean antolatutakoekin. Fundazioak 3.000 liburuxkak banatu ditu inguruko herrietako turismo bulegoetan, Hondarribiari buruzko askotariko informazioarekin.