Hiru enplegu plan abian ditu Oiartzungo Udalak
Oiartzungo Udalak jakinarazi du hiru enplegu plan abian dituela. Hiruak Oarsoaldea Garapen Agentziak kudeatzen ditu, baina bat udalak finantzatu du, bestea aldundiak, eta hirugarrena Jaurlaritzak.
Udalaren planari esker informatikari bat lanean ari da udalerako; aldundiak diruz lagundutako programarekin, bestalde, baso lanetarako beste hiru lagun kontratatuko ditu udalak —duela gutxi beste hiru pertsonak igeltsero lanak egin dituzte—; eta Jaurlaritzaren planari dagokionez lau lagun kontratatuko ditu udalak gutxi barru, elektrikari bat, delineatzaile bat eta bi igeltsero.
Kontratazio horietan guztietan langabeak hartzen ari dira, horien egoeraren gaineko azterketa bat egin ondoren. Hortaz, udalak esan du “krisi ekonomiko garai zail hauetan” bere esku dauden tresna eta baliabideak jartzen ari dela lanpostuak sortu ahal izateko, nahiz eta “Espainiako Gobernuak dekretuz lan publikoa sortzea galarazi zuen 2012an”. Aurrerantzean bide horretatik jarraituko duela esan du udalak.