Gerardo Fermin: Zuloaga Etxea eta gobernu ona
Joan de martxoaren 22an prentsaren bidez jakin genuen Hondarribiko EAJren udal taldeak Gardentasun eta Gobernu Onaren Liburu Zuria egiteko asmoa duela. Horri dagokionez, esan beharra dago agiri hau sinatzen dugun herritarrok, nik horien artean, hitza hartzen diogula alderdi horren asmoari, eta Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateari honakoa eskatzen diogula, herritar guztien esku jar dezala Zuloaga Etxearen obra horrekin zerikusia duen informazio guztia, eta aukera eman dezala birmoldatze lanaz ez ezik, eraikinaren kudeaketaz ere iritzia emateko.
Kezkatzen gaituen gaietako bat behe solairuko balio anitzeko aretoari emango zaion erabilera da, izan ere, jatorrizko proiektuan areto hori desagertu egiten da, kontuan hartu gabe eskaintzen duen zerbitzua, eta jakinik Hondarribian gaur egun ez dugula antzeko ezaugarriak dituen beste lokalik.
Datu ofizialen arabera, obra honekin liburutegia heren bat handiagoa izango da, eta hori dela eta, ez dugu ulertzen zergatik ez den eremu hori gaur egun arte ezagutu dugun bezala uzten.
Egia da 2013ko ekainaren 19ko bilkuran Aitor Kerejeta alkateak jatorrizko proiektua aldatzeko eta behe solairuko bilera aretoa bere horretan mantentzeko konpromisoa hartu zuela; baina egia da, aldi berean, Bilduko orduko bozreramaileak adierazi zuen bezala, gerta litekeela adostasunik ez egotea aldaketak onartzerakoan, eta ondorioz aretorik gabe geratzea proiektua aurretik onartua zegoelako. Bilduren udal taldeak argi utzi zuen alde bozkatuko zuela bakarrik Zuloaga Etxeak garrantzi sozial handia duelako.
Zuloaga Etxearen azpiegituren erabiltzaile garen aldetik gu ere kezkatuta gaude kudeaketarekin, izan ere Bilduko orduko zinegotzi batek adierazi zigun bezala, liburutegiko aretoen eta zerbitzuen kopurua handitu denez, langile kopurua ere handitu egin beharko litzateke, baina eraikina ustiatu eta mantentzeko txosten teknikoak ez dio ezer ere langileen gai horri buruz.
Bukatzeko, adierazi nahi dugu gure ikuspuntutik gobernu ona egitea herriari galdetzea dela, bertatik sortzen baitira, herritarretatik, proposamen zentzudunak; adibidez, Bilduko orduko bozeramaleak adierazitakoa: Pampinot kaletik bilera aretorako lehengo sarrera berreskuratzea, hala, erabilera ordutegiak ez luke zergatik liburutegiko ordutegiarekin bat etorri behar. Aukera hori ez zuten proiektua idatzi dutenek aurreikusi.
Ia milioi eta erdi euroko inbertsioa egin behar denez, merezi du herritarren adostasuna izatea.