Etxez etxeko laguntza zerbitzuko bost langile kaleratu nahi izatea salatu du Bilduk
Irungo Udaleko etxez etxeko laguntza zerbitzua kudeatzen duen Valoriza enpresak bost langile kaleratu nahi dituela salatu zuen Bilduren udal taldeak iragan astean. 2014. urte hasieratik kudeatzen du zerbitzua Valoriza enpresak. Izan ere, Arquisocial enpresarekin sortutako lan gatazka medio, kontratua etetea erabaki zuen tokiko gobernuak 2013an eta lehiaketa berri bat abiatu zuen.
Oraingoan, bost langile kaleratu nahi ditu enpresa berriak eta Bilduren arabera, “udal honek zerbitzu publikoen kontratazioarekin daraman politikaren beste adibide bat besterik ez da”. TAOko, kiroldegietako eta etxez etxeko zerbitzuetako lan gatazkak adibide gisa aipatu ditu taldeak. “Udal honek zerbitzu publikoak enpresa pribatuen esku uzten ditu eta uzteko asmoarekin jarraitzen du”, gaineratu du Oinatz Mitxelena bozeramaileak.
Guzti hori dela eta, bost langileak ez kaleratzeko edota hori lortu ezean, enpresarekin kontratua eteteko eskatu du taldeak. Gainera, zerbitzu horiek udalak berak zuzenean kudeatzeko proposamen berriak aztertzen hasteko dei egin du Mitxelenak.