Dantzari Txiki Eguna, 2013an
Ereintza Dantza Taldeak 26.enez antolatu du Dantzari Txiki Eguna, eta aurtengoan, Gipuzkoatik eta Nafarroatik etorritako 500 dantzarik parte hartuko dute. Udala eta Errenteria Musikalen kolaborazioa izan du Ereintzak.
Honako dantza taldeak pasatuko dira Errenteria-Oreretatik: Udaberri (Tolosa), Lurra (Urretxu), Aurtzaka (Beasain), Murixka (Lezo), Ttarla (Hernani), Txori Txiki (Zumaia), eta etxekoak, Errenteria Musikaleko dantza taldeko ikasleak.
10:30ean, Koldo Mitxelena plazan elkartuko dira, eta jarraian, desfilean aterako dira Errenteria-Oreretako erdialdetik. Zumardian bukatuko dute, eta han, dantza ikusi eta aritzeko aukera izango da. Bazkalostean, Modestoren musika entzun eta dantzatu ahal izango da.
Juantxo Maia Ereintzako arduradunak umeei nahiz musika eta gainontzekoei bazkaria emateaz arduratuko diren elkarteen lana nabarmendu du. Aurten parte hartuko dutenak Landare, Txepetxa, Ondarra, Niessen, Gure Toki, Bukagaitz, Amulleta, Alkartasuna, Txintxarri eta Hibaika izango dira.
[box]
Egitaraua
- 10:30: Dantzarien kontzentrazioa, Koldo Mitxelena plazan.
- Ondoren: Hamaiketakoa, Koldo Mitxelena plazan.
- 11:30: Desfilea, erdialdeko kaleetatik.
- 12:30: Dantza taldeen emanaldia, Zumardian.
- Jarraian: Bazkaria elkarteetan.
- 16:30: Musika eta dantzaldia, Modestorekin, Zumardian.
[/box]