Zintzilik Irratiaren urtemuga ospatuko dute Goiko Eskolan
Errenteria-Oreretan egoitza duen Zintzilik Irratiak 30 urte bete ditu aurten, eta urteurren biribil hori Oiartzunen ere ospatu nahi du. Hala, hurrengo asteazkenean, hilak 30, Udaberri Jaia egingo dute Arraguako Goiko Eskolan.
21:00etan hasiko da jaia, afariarekin, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, menu beganoa ere egongo da. Afarirako txartelak, postrea eta edariarekin, 12 euroan eros daitezke Arkaitza tabernan eta Mikelazulo kultur elkartean.
Afaria girotzen Mor More taldea izango da, eta jarraian, 23:00ak aldera, Korumba eta Aximila taldeen kontzertua izango da. Goizaldera arte jarraituko du musikak DJ Zintzilikekin.