Xabier Iridoy da EAJren hautagaia Irungo alkate izateko
Irungo EAJren batzarrak erabaki du, aho batez, berriz ere Xabier Iridoy izatea 2015eko udal hauteskundeetarako Irungo alkategaia. Irungo EAJren presidente Lourdes Larrazak esan duenez, legealdi honetan Iridoyk azaldu ditu “Irunen eta irundarren alde lan egiteko seriotasuna, zintzotasuna eta ardura”, hiria hobetzeko “gaitasun eta eraginkortasunarekin batera”, eta horrek eraman ditu batzarreko kideak Iridoyren alde egitera: “Elkarrizketarako irekia da, hurbila, talde lanaren defendatzailea eta langile nekaezina. Freskotasuna eta kudeaketan esperientzia ekartzen ditu sozialisten alternatiba izango den talde honen buru izango da”.
Batzarraren erabakia eskertu egin du Iridoyk, eta “erronka garrantzitsu eta polit honi ilusioz eta gogoz” aurre egingo diola ziurtatu du. Bere egitasmoaren oinarrian pertsonak daudela aitortu du,”horiek dira gure hiri proiektuaren ardatz nagusiak, hain zuzen ere, ekonomiaren suspertzean eta irundarren bizi kalitatean oinarritutako hiri proiektuarenak”.
Eta horren adibidetzat legealdi honetan egiten ari den lana jarri du Iridoyk, esanaz, une oro herritarren zerbitzura egon dela, “oposiziotik ditugun aukera eta eskumenen barruan nire babesa eta laguntza erakutsiz”.