Oiartzungo Batzokian hitzaldia emango du etzi Antonio Sanchezek
Oiartzungo EAJk antolatuta, hilaren 24an (etzi, osteguna) hitzaldia emango du Oiartzungo Batzokian Antonio Sanchez Escuderok, El arte de convertir lo negativo en positivo (Gauza negatiboak positibo bihurtzeko artea) izenburuarekin. 19:00etan hasiko da. Baikortasuna du ardatz hitzaldiak, eta hizlariak adierazi duenez, bertan izango direnak zoriontsuago aterako dira Batzokitik, “bizitza zein ederra den ikusiko dute”.
78 urte ditu Sanchez Escuderok, eta duela 14 urte Parkinson gaixotasuna diagnostikatu zioten. Ordutik buru-belarri hasi zen bere esperientzien gaineko azalpenak ematen, bizitzeko grinari lotuta beti ere. Bide horretan hainbat liburu idatzi ditu, eta Batzokikoa bezalako hitzaldiak ematen ditu: “Izan zaitez zoriontsu, gutxiago irabazita ere. Izan ere, ez du balio diruak, baizik eta norberak, gozatzen jakiteak. Eta argia bazara, ikasi baduzu, gogotik gozatuko duzu”.