Euskadi Etorbideko berritze lanak aurrera doaz Trintxerpen. Orain egiten ari diren lanak bi hilabetetan amaitzea aurreikusi du enpresa eraikitzaileak: Azkuene kaleko bidegurutzetik Lasa lantegi zaharreraino. Gainera, Gomistegitik hasi eta Arrandegi kaleraino doan autoentzako errepidea asfaltatuko dute fase honetan. Guztira, 844.852, 33 euroko aurrekontua dute aipatu lanek.
Baina lanek jarraipena izango dute: Gomistegiko biribilgunetik Arrandegi kaleko bidegurutzeraino oinezkoentzako eta bizikletentzako bideak egokituko dituzte; obraren aurrekontua, guztira, 1.887.525 eurokoa da.
Lanak bukatuta itxura aldaketa handia gertatuko da Euskadi etorbidean. Oinezkoentzako espaloi zabalak eta aisiarako espazio berriak lortuko dituzte, eta bai iparraldeko espaloiak eta baita hegoaldekoak ere, lau eta sei metro arteko zabalera izango dute kale osoan.
Euskadi etorbideko erdialdea oinezkoentzako eta autoentzako gunea izango da, eta bi zatitan banatuta egongo da: Ciriza eta merkatuaren artekoa, zamalanetarako eta bizikletak aparkatzeko eremua izango da. Gainerakoa, orain artekoaren antzekoa izango da, baina espaloiaren eta erreiaren artean ez da koskarik egongo. Eremu horretan 30 kilometro orduko eremua izango dela aurreratu du Udalak, bertako bidegorria autoen erreian txertatu ahal izateko. Gainerako bidegorria hegoaldeko espaloitik joango da, Herrerako geltokiarekin, Torreatzerekin eta Puntetako pasealekuarekin lotzeko.
Aipatu moduan, oinezkoentzako abantailak lortu nahi ditu obra honek. Hori dela eta, espaloiak zabaltzeaz gain, kalean espazio berriak, harremanetarako guneak eta berdeguneak sortuko dituzte. Udalak esan duenez, honek guztiak bat egiten du La Herrerari buruzko parte-hartze prozesuaren ondorioz, Udalbatzak 2011ko maiatzaren 11n onartutako helburuekin.
Proiektua bere osotasunean ezagutu nahi izanez gero
udaleko web orrira jo daiteke. Esteka berezi bat dago, eta bertan kontsulta daitezke proiektu osoa.
Azkenik, Udalak barkamena eskatu nahi du, lanak sortzen duten enbarazuagatik. Halaber, Udalak herritarrei eskatu nahi die, sortutako eragozpenak pazientziaz hartzeko.